Ziordian, gaur egun errepidea eta igerilekuak dauden tokian, Santa Luzia ermita zegoen. Abenduaren 13an haren omenez erromeria egiten zuten. Santa Luzia ikusmenaren eta jostunen zaindaria da eta jostunentzako egun berezia zen abenduaren 13a. Ermita 1970eko hamarkadan eraitsi zutenean festa galduz joan zen. Ziordiko Udala berreskuratzeko lanak hasi ditu.
Begiak erretilu batean ditu Santa Luziak irudian. Luzia kristautasuna hasi berriko martiri bat zen. Sakrifizio moduan eskaini behar zutenean Luzia ezin izan zuten mugitu eta sorgina zela salatuta sutean hiltzera zigortu zuten. Baina Luzia ez zen erre. Hortaz, begiak kendu zizkioten eta Luziak begirik gabe ikusten zuen. Ondorioz, Santa Luzia ikusmen arazoak dituzten eta harekin zerikusirik dituzten ogibideen zaindaria da, besteak beste, jostunena. Ziordian jostunek aspaldi ospatzen zuten haien zaindariaren eguna. Hala esan digute Kontxi Cerdanek, Juana Mari Mugikak, Maribel Gonzalezek, Erkuden Izagirrek, Maria Jose Arresek, Gema Agirrek eta Edurne Casasek.
Ermita handia, hotza eta iluna zen. Erretaula soila zen, sinplea, eta hainbat eserleku zahar zituen. Horrela gogoratzen dute Ziordiko emakume jostunen taldeak Santa Luzia ermita. Gazteak zirela eraitsi zuten ermita, hortaz, Santa Luziaren egunaren ospakizunen oroitzapen gutxi dituzte. Istorio gehienak gurasoengandik jaso dituzte jostun taldeko kideek. Ermitara erromeria egiten omen zuten, mezan irudia besarkatzeko eskaintzen zuten eta ondoren zortzikoa dantzatzen zuten. Alkateak dantzatu behar zuen zortzikoa, baina ez bazekien herriko dantzariak dantzatzen zuten. Ondoren, herriko jostunak afaltzeko biltzen ziren. Beste herrietatik jende asko etortzen zela gogoratzen dute emakumeek, Altsasutik eta Olaztitik gehien bat. Gehienak ikusmen arazoak zituztela azaldu dute, baita jostunak joaten ziren ere. Oraindik ere Santa Luzia egunean jendea Ziordira joaten da.
Festaren desagerpena
1960ko hamarkadan trenbide-pasagunea kendu behar zen. Ondorioz, Ziordiko sarrera berria eraiki behar zen. Udalak garaian zegoen leku naturalean jarri nahi zuen, baina Diputaziora diru-laguntzen eske joan zirenean han eginez gero diru-laguntzarik ez zela izango esan zieten. Hortaz, gaur egun sarrera dagoen tokian eraikitzea erabaki zuten. Baina horretarako Santa Luzia ermita eta Kalbarioa bota behar zituzten.
“Bidea egiteko ez zen behar ermita botatzea. Ez zuen trabarik egiten”, azaldu du Edurne Casas Ziordiko Kultura zinegotziak. Ermitako harriak eta kanpandorrea Zalduondora (Araba) eraman zituztela adierazi du. Gainera, gaur egun Ziordiko elizan gordetzen duten Santa Luziaren irudia ez da benetakoa; Nafarroako Museoan omen dago originala.
1970eko hamarkadan bota zuten ermita eta ermitarik gabe festa galtzen joan zen. Ermita bota izana pena handia izan zela esan dute Ziordiko jostunek. Garai hartan haren garrantzia ez zutela ikusi azaldu dute, baina, gaur egun, atzera begira, “pena handia” da Santa Luzia eguna ermitan ezin ospatzea.