Aurten bi ziordiar dira kintoak: Aiara Fernandez eta Gorka Mujika. Eta haiekin batera kinto zaharrik ez baina hiru kinto gazte ibiliko dira: Amaiur Bengoetxea, Maite Cristobal eta Leire Berjera. Guztiak Errekakartea elkartean Urbasa tabernakoek prestatutako jakiak bazkaltzera elkartuko dira. Arratsaldea han luzatuko zaie eta afaldu ondoren bostak Altsasura parrandan joanen dira.
Larunbatean, indarra hartzeko, hamaiketakoa eginen dute. Santa eskean abiatuko dira ondoren. Eta haietako batzuk trikitilariak direnez, esku soinuaren laguntzaz etxez etxeko eskean ariko dira. Jasotako sosen truke, esker onez, ziordiarrei ardoa edo tabakoa eskainiko diete. Jasotakoa zenbatu ondoren, euren gurasoek prestatutako bazkariarekin berdinduko dute tripa zuloa. Iluntzean Altsasuko kintoak dantzan ikustera joanen dira eta han bertan afalduko dute, joan zen urtean kinto izandakoekin, 4 kinto zaharrekin. Ordu txikiak arte luzatuko da gaua.
Domekan, despeditzeko, tabernan bazkalduko dute. Altsasuko kintoak dantzan ikustera joanen dira Ziordira afaltzera bueltatzeko. Boskoteak kinto ospakizunak Altsasun despedituko ditu.