Ziordiko herri krosaren txanda

Guaixe 2016ko mai. 27a, 13:49

Larunbatean, 17:00etan txikien lasterketak eta 17:30ean proba nagusia (6,9 km)

Ziordia Running taldeak dena prest dauka larunbaterako. Izan ere maiatzaren 28an, bihar, III. Ziordiko Herri Krosa jokatuko da Burundako herrian. 17:00etan txikien probak hasiko dira eta 17:30ean proba nagusia. Guztia antolatzeko Dantzaleku Sakana klubaren eta hainbat eta hainbat babesleren laguntza du taldeak. Ziordiko proba Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sarirako baliagarria den bigarren proba da.

Kontrako norabidean
Kategoria txikietako probak Ziordian jokatuko dira, 17:00etan. 2009, 2010 eta 2011 urteetan jaiotakoek 200 metro osatu beharko dituzte, 2008 eta 2007 urteetan jaiotakoek 400 metro, 2006an eta 2005ean jaiotakoek 560 metro eta 2004an eta 2003an jaiotakoek 720 metro. Ondoren, 17:30ean emango zaio hasiera proba nagusiari (6,9 km). Ziordiko herri gunea ardatz hartuta prestatutako zirkuituari 3 itzuli eman beharko zaizkio, eta aurten, berrikuntza moduan, zirkuitu hori kontrako norabidean egingo da.

Aurreko urtean kategoria txikietan 77 neska-mutiko aritu ziren guztira eta helduen proban 95. Andoni Agirre zumaiarra (24:24) eta Izaskun Beunza olaztiarra (28:34) izan ziren txapeldunak.

Proba bukatzerakoan auzate ederra egongo da korrikalari guztiendako eta lehendabiziko hiru korrikalariek saria jasoko dute. Hortaz aparte, makina bat produktu eta loteren zozketa eginen da.

Paris 365 jantokiaren eta Dravet Fundazioaren alde
Ziordiko Herri Krosa proba solidarioa da. Printzipioz izena ematea dohainik da, baina antolakuntzak Paris 365 jantokirako elikagai bilketa eginen du eta izena ematearen truke helduei 3 kilo elikagai eramateko eskaera egin die antolakuntzak, eta haurrei, 2 kilokoa. “Nahi dena eraman ahal da, baina jantokitik kontserbak eta gosarietarako elikagaiak behar dituztela adierazi digute” azaldu dute antolatzaileek. Halaber, erabilitako errotuladore eta boligrafoen bilketa eginen dute Ziodia Running taldekoek, Dravet Fundazioari emateko. Fundazio honek Dravet sindromea dutenei laguntza ematen die.

Izena emateko
Egunean bertan, 15:30etik aurrera, Ziordiko Errekakartea elkartean. Helduek 3 kilo elikagai eta haurrek 2 kilo elikagai.