Arabako Lautadari Itzulia erronka Ziorditik pasa zen

Guaixe 2016ko uzt. 26a, 13:11

Apadrina Kilometros Animaliak Babesteko Elkartearen aldeko ekimen solidarioa zen

Arabako boskote batek erronka berezia burutzeko asmoa zuen: Arabako Lautadari itzulia egitea berau inguratzen duten mendietatik barna. 220 km eta 90 mendi, non-stop formatuan, hau da, hornidura egiteko ahalik eta gutxien geldituz eta lorik egin gabe edo soilik atsedenaldi txikiak eginez. Ekimen solidarioa da, Apadrinakms izeneko proiektua. Utzitako eta abandonatutako txakurren gaia gizarteratu nahi da, arazo larria, eta egin beharreko kilometroen aita-pontekoak lortuz, jasotako dirua Apadrina Kilometros Animaliak Babesteko Elkarteari emango zaio (informazio guztia www.apadrinakilometros.com web orrian).
Erronka hori Ziorditik pasatu zen larunbatean. Euriari aurre eginez ibili behar izan zen boskotea, eta, tamalez, ezin izan zuten ekimena bere osotasunean burutu, euria, hotza eta beste zirela medio. Dena den, ordurako bildutako kopuru guztia Apadrina Kilometros Animaliak Babesteko Elkartearendako izango da, abandonatutako txakurren bizia salbatu ahal izateko.