13 etxajuk piztu dute festa

Guaixe 2016ko ira. 8a, 16:51

1936ko estatu kolpearen ondoren hildakoak gogoan izan zituzten Ziordiko festetako txupinazoan. Patxi Bengoetxea alkateak azaldu zuenez, ekitaldiak “balio dezala zauriak ixteko, baldin badaude, eta ahaztu ez gaitezen.” Lau dantzariek hildakoen senideei aurreskua dantzatu zieten eta ondoren, banaka-banaka, 13 etxaju piztu zituzten. Udaleko kideek aurreratu zuten lastaila memoriari eskainiko diotela. Bestalde, hildakoak gogoan dituzten kamixetak ere salgai daude. Bizkarrean herri sarreran dagoen enbor zaharraren irudia du, gainean 13 zenbakia eta azpian 1936-2016 urteak ageri dira, parrean, berriz, Ziordiko armarria du.    

Aspaldiko partez Ziordiko txupinazoa 19:00etan piztu da berriro. “Festak antolatu dituen batzordearen kontua izan da, garai batean hala zen eta berreskuratu nahi izan dute”, argitu digu Olatz Irizar zinegotziak. Errekakarteko sei bazkide arduratzen dira urtero festak antolatzeaz, udalak dirua jartzen du. Udal egoitza elkarte gisa erabiltzearen truke 80 hamarkadan adostutakoa betetzen da horrela.

Hamahiruak
Francisco San Roman Otsoa, Domingo San Roman Otsoa, Juan Agirre Pozueta, Pablo Ramirez Sanchez, Epifanio Gonzalez Villar, Ramon Goikoetxea Etxeberria, Celestino Otsoa Martinez, Fernando Agirre Agirre, Pedro Agirre Pozueta, Gregorio Otsoa Martinez, Marcelino Zabaleta Goia, Martin Elso Latasa eta Juan Migel Otsoa Beinaran. Haietako lau fusilatu egin zituzten, bat kartzelan hil zen eta zortzi frontean hil ziren.

Zapia
Joan den urtean haur bakarra jaio zen Ziordin, Aner Fuste Conde. Txupinazoaren ondoren zapia jarri zioten.

Erlazionatuak