Santa Luzia egunarekin, asteartean, aurkeztu zen Ziordiko Gure Esku Dago. Gaztetxea pareko zelaian bi kidek taldearen asmoen berri eman eta Etorkizuna dantza taldeko kideek Gure Esku Dagoren kantuan oinarritutako koreografia dantzatuz osatu zen ekitaldia. Kamixetak eta eguberritako zozketako txartelak ere salgai izan ziren. Aurkezpenera ehunen bat pertsona hurbildu ziren.
Ziordiko Gure Esku Dagoko Enekak azaldu digunez, festetarako batzar batean erabaki zutela egitasmoari heltzea. Ordutik asteartera bitartean taldea osatzeko jende bila aritu direla gaztigatu digu. Alaitzek jakinarazi digunez 10 laguneko taldea bildu direnez, “baina oraindik jende bila ari gara”. Enekak gaineratu duenez, “ideia taldea jende desberdinez osatzea da. Jende desberdina lortuz gero baliteke beste batzuk uztea, gehiago ikusia dagoen jendea edo”.
Abenduan eta ilbeltzean sinadurak biltzen hasiko direla aurreratu digu Alaitzek. Erroldaren %10 eskatzen du Gure Esku Dagoren protokoloak, “baina pentsatzen dugu zenbat eta sinadura gehiago bildu orduan eta arrakastatsuagoa izanen da galdeketa” zehaztu du Enekak. Galdeketako errolda 350 bat ziordiarrek osatuko dute. Data ez badakite ere, Alaitzek aurreratu digu maiatza edo garagarrila aldean egin nahi dutela erabakitze eskubideari buruzko galdeketa. Sakanan beste herri gehiagoetan egin behar dutela eta haiekin harremanetan daudela gaineratu du.