Dena prest IV. Ziordiko herri kroserako

Guaixe 2017ko mai. 19a, 13:30

Larunbatean jokatuko da, 17:00etan haurrak eta 18:00etan helduak (6,8 km)

Ziordiko Running taldeak makina bat babeslerekin antolatuta, bihar, larunbatean, IV. Ziordiko herri krosa jokatuko da. Lehenik eta behin, 17:00etatik aurrera, haurren lasterketak jokatuko dira. Kategoria ezberdinetan banatuta lehiatuko dira. Helduen proba, aldiz, 18:00etan hasiko da. Ziordiko herrigunean prestatutako zirkuituari 3 buelta eman beharko dizkiote helduek, 6,8 km osatzeko.

Elikagai bilketa, inskripzioen truke
Ziordiko herri krosa proba solidarioa da. Izena ematearen truke janaria, elikagaiak eman beharko dituzte korrikalariek. Jasotako guztia Iruñeko Paris 365 jantoki sozialera bideratuko da. Haurrek 2 kilo janari eman beharko dituzte; helduek, aldiz, 3 kilo. Antolakuntzatik adierazi dutenez, “bereziki kontserbak, olioa eta gosaritarako elikagaiak –mermeladak, zerealak, gailetak, Cola Cao…– dira behar dituztenak. Beraz, horiek ekartzeko gomendioa egiten diegu korrikalariei”.

Dravet fundazioa
Elikagai bilketa egiteaz gain, Ziordiko herri krosean erabilitako boligrafoak eta errotulagailuak jasotzen dira, Dravet fundazioaren alde.

Lasterketa bukatzerakoan sari ematea eta auzatea izango da, Ziordiko elkartean. Korrikalarien artean ere hamaika sari zozketatuko dira.  

Izena emateko
Aurretik, gaur, ostiral arratsaldera arte, Dantzaleku Sakana Klubeko web orrian, (www.dantzalekusakana.com) eta egunean bertan, Ziordiko elkartean, 16:00etatik aurrera.  

Sakanako XIV. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria abian
Ziordiko IV. Herri Krosak Sakanako Mankomunitateak, Dantzaleku-Sakana klubarekin antolatutako Sakanako XIV. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria zabalduko du. Aurten 5 lasterketak puntuatuko dute Kopan: Ziordikoak, Bakaiku-Iturmendiko XIV. Aitzkozar Herri Krosak (ekainak 10), Ergoienako XIV. Birak (irailak 23), Sakanako XVII. Herri Lasterketak (urriak 21) eta Barrikarteren XXXVII. Oroimenezko Oinezko Lasterketak (abenduak 8, Altsasu). Lasa Kirolak-ek babesten du kopa.

Sakanako 10 korrikalari hoberenek puntuatuko dute, emakumezkoek eta gizonezkoek eta bost proba hauetatik gutxienez lauretan parte hartu beharko dute. Lehenengoek 80 euro jasoko dute kirol materialean, bigarrenek 60 euro eta hirguarrenek 40 euro. Horretaz gain, proba guztietan parte hartzen dutenen artean sari bat zozketatuko da.