1. Zer moduz Ziordira bueltan?
Oso gustura. Familiaz, lagunez, paisaiaz disfrutatzen. Errealitate hau guztia ni bizi naizen tokitik oso desberdina da. Kasik 3 hilabete emanen ditut hemen.
2. Nolaz erabaki zenuen Ziordiko nobizio-etxera joatea?
12 bat urte izanen nituen. Jesusen bizitza irakurtzen, batez ere pasioa. Nekaldiak asko hunkitu ninduen; zartadak, gurutziltzatzea, arantza koroa… Orduan pentsatu nuen: berak nigatik hainbeste egin bazuen, nolaz ez dut ba nik bere eta besteen alde ezer eginen? Berez sortu zen. Hori landu nuen.
Oraindik, ez ziren mojak etorri. Haiek 40ko hamarkadan iritsi ziren. Etorri zirenean igande arratsaldeak nobizio-etxean pasatzen genuen lagunek. Maisu-ama, hezitzailea zenak, deitu zidan eta esan zidan: zuk ez zenuke jostun edo halako zerbait izan nahi? Ez, ez. Nik moja izan nahi dut erantzun nion. 14-15 urte nituen orduan. Orduan erlazioa, akonpainamendua eta batxilergo ikasketak hasi ziren. Ni hemendik nobizio-etxera pasa nintzen (etxeko atetik ibaiaz bestalde dagoen eraikina seinalatu du).
Nobiziotzan bi urte egin nituen. Postulatua. Hiru urte guztira. Irakasle-ikasketak Villasana de Menako komunitatean (Kantabria) bukatu nituen. Orduan behar gintuzten tokira, Perura, joan nintzen. 1960an izan zen.
3. Izena eman zenuen edo zuzenean bidali zintuzten?
Peruko oihanean misio-etxe hura 1956an zabaldu zen. Egiteko asko, lan handia zegoen, hezkuntzan batez ere. Irakasleak eskatzen zituzten. Inoiz ez gintuzten behartu. Esaten ziguten: zurekin gogoratu gara joateko; zer iruditzen zaizu? Nik ez nuen inolako eragozpenik eta baietza eman nuen. Ordutik handik nabil.
4. Beti Perun egon zara?
Hiru urte eta erdi AEBn eman nituen. Kontzilioaren ondoren, Juan XXIII. Aita Santuak ikusi zuen Amerika ebanjelizatua zegoela baina akonpainamenduari segida emateko pertsonak behar zirela. Nazioei laguntza eskatu zien. AEBk mojak bidali zituen eta ez zituztenetan kongregazioak bigarren ikasketa espezialitatea egiteko bekak ematen zituen. Gutako bi AEBra, Iowara, ikasketak zabaltzera bidali gintuzten. Irakasle ikasketetan lizentziatu nintzen.
Ikasketa horiek Peruko Unibertsitate Katolikoan baliozkotu nuen eta irakasleei irakasten aritu nintzen Tarapotoko pedagogia institutuan (Peruko iparraldeko oihaneko hiria).
5. Irakasleen irakasle, beraz?
Bai, oso ongi. Oso pozik, gainera. 1985ean Limara bidali ninduten, kongregazioan hainbat lan egitera. Bigarren hezkuntzako ikastetxe batean 7 urte eman nituen. Aurten 9 urte eginen du Limako periferian dagoen kokaleku, herrixka batean nagoela, Manchayn.
6. Nolakoa da?
Pachacamac kulturakoak dira, eta izen bereko distrituan dago Manchay. Herrixka duela 33 urte hutsetik sortu zen eta 100.000 bat biztanle ditu. Denak mendietatik etorriak, orduan Sendero Luminosoren terrorismoak erasotzen zituenak. Bere ondasunak, maite dituzten pertsonak galdu dituzten pertsonak dira. Lima ondoan lurrak opatu zituzten eta han kokatu ziren. Oraindik iristen ari dira. Orain pobreziak desplazatzen ditu. Etorri eta etorri ari dira, pobrezia handia dute.
Guk altuera horri cerro hots egiten diogu (barga seinalatuz). Etxebizitza prekarioak goraino iristen dira. Oholez egindako txabola modukoak dira. Hasieran etorri zirenak inguru lauan ezarri ziren, lur hobeak eskuratu zituzten. Industrializaziorik ez dagoenez, cerroetatik jaitsi eta Limara zerbait saltzera edo emakumezkoak etxetan neskame joaten dira. Batzuetan esplotatuak dira. Premia askokin bizi dira.
7. Bakarrik zaudete?
Beste kongregazio batzuk ere badaude. Jose Chuqillanqui apaiza, 20 urte daramatza parrokian, dinamikoa da eta prestakuntza asko interesatzen zaio. Oso fededunak direnez, erlijiotasun hori landu behar da, sakramentuak eskatzen dituztelako. Haien tradizioak ekartzen dituzte: patroiak, prozesioak, Aste Santua… Apaizak haien garapenean ere interesa badu. Aurrera egin dezatela, pobrezia egoeratik atera daitezela. Askorendako argindarra, ura, errepideak, hezkuntza… lortu ditu. Baina falta da oraindik.
8. Zein da zuen egitekoa?
Gure ahalbideen esku dagoena. Parrokia bat da eta zortzi-bederatzi kapera daude. Esaterako, Ziordia edo Olatzagutia modukoak bakoitza. Gu San Jose de la Uniongoa dugu. Gure ardura dira: haurren erlijio ikasketak; bataio, lehen jaunartze eta sendotza prestakuntza; katekisten prestakuntza; familia buruekin bilerak; bataioa hartuko dutenen gurasoendako prestakuntza. Oso erlijiosoak dira, euren modura. Euren eskualdeetan, esaterako, apaizen bisitak herriko festetan edo Aste Santuan jaso dituzte soilik. Hori da haien prestakuntza, baina euren semeak horretan segitzea nahi dute. Oso harberak dira. Horretaz aparte, asko dira, baina behartsu batzuez arduratzen gara.
9. Azken horiekin zer egiten duzue?
Etortzen diren batzuk ez dute zer jan. Gure ahalbideen esku, partekatzen saiatzen da. Gurea lan boluntarioa da, baina hezkuntzan lan egiteagatik pentsioa dugu. Komunitatean halakoei arreta eskaintzeko zati bat bideratzen dugu. Jasotzen ditugun ekarpen batzuk ere horretara bideratzen ditugu, jakiak erosi eta ez dutenei emateko. Hori horrela ikusita, badirudi existentzialismo moduko bat mantentzea dela. Ez da onena. Baina, benetan, familia batzuk ez dute bestelako aukerarik.
Ullanta Humala Tassok, aurreko presidenteak, pobreen inklusiorako nahiko egin zuen. Esaterako, premia duten 65 urtetik gorako adinduek 250 soleko pentsioa dute bi hilabetetarako (50 bat euro). Hura eskatzeko tramiteetan lagundu izan diegu. Osasun arloan Osasun Sistema Integrala sortu zuen behartsuendako. Ebakuntza behar badute, aseguruak ordaintzen du. Baina garraioa eta botikak eman behar zaizkie. Hori ez dutenei ahal dugun neurrian laguntzen diegu. Olatzagutiko jostun taldeak bidaltzen duen arropa prezio sinbolikoan saltzen dugu, ez oparitzeko, eta ateratzen den dirua halako beharretara bideratzen dugu.
Gobernua hezkuntza toki baztertuenetara ere iritsi zedila tematu da, narkotrafikoa dagoen Vrae eskualdean, esaterako. Apaizak jendeak aurrera egin dezan ahal duen guztia egiten du.
10. Jendearen egoera hobetzean Limara joanen da, ezta?
Bai.
11. Uholdeak ere izan dira duela hilabete inguru…
Ikustekoa zen. Sinestezina. Euria, egun bat eta bestea. Baina noiz bukatu behar da hau! Menditik itsasora jaisten diren ibaiak ez dira emari handikoak. Baina espero ez zen bezala egin du euria. Kostako niño hots egiten diote. Gu bizi garen tokian, kostan, ez du sekula euririk egiten. Golkokoaren eragina hotza da eta ez du ura kondentsatzen uzten. Baina aurten ezohikoa izan da. Klima hainbeste aldatzen ari da. Halako kondentsazioa egon da zer uholde handik eragin dituen. Etxeak eta aurretik opatu duen guztia eraman dute. Gugandik gertu izan da. Ahizpetako batzuk laguntza ematera joan ziren. Hori Liman. Erdigunean, Trujillon, ere. Eta, iparraldean, oraindik gehiago. Dena txikitu du. Lur hektarea mordoa. Jendea ezer gabe gelditu da, uholdea iritsi zenean atera zena dute soilik.
Orain berreraikuntza heldu da. Oso garestia izanen da. Denboran eta dirutan. 10.000 milioi baino gehiago omen dira. 200 bat zubi handi erori dira ibaira, milaka errepide km suntsituta, uztak galdu… Jendeak elkartasun handia azaldu du. Pobreak izanda ere, ur botila, soineko bat… laguntza eman dute. Baina denbora beharko da. Milioi bat pertsona dira kaltetuak. Egoera arintzen ahalegintzen ari gara.
12. Manchayri uholdeek kalte egin diote?
Ez, Rimac ibaiaren gainean, kaxko batean dagoelako. Jaki eta ur falta izan ziren uholdearen eraginak Manchayn.
13. Nolakoa da zuen kongregazioaren Manchayko etxea?
Manchay sortzen ari zenean iristen bigarren kongregazioa izan ginen, 1998an. Hasieran, ahizpek, esteretan egon ziren. Lur sail bat erosi genuen. Orduan merkeagoa zen, orain lurraren-narkotrafikatzaileak negozioa egiten ari baitira. Adreiluzko eraikina da. Lur-sail bat dugu, mila bat metro. Lurrak gesal asko du eta hobetzen saiatzen ari gara. Baratza dugu, fruituak eta beste. Eskolako lanetan laguntza eske etortzen diren haurrendako gela batzuk ditugu. Larunbatetan izaten da.
14. Beste erabilerak izanen dituzte, ezta?
Katekesi eta halakoetarako erabiltzen ditugu ere. Gure ardurapean dagoen kaperan, gelak eta aretoa ditugu. Asteburutan komunitatearekin biltzen gara. Eta beste egun batzuetan, beharrezkoa bada. Komunitatea sortzen da haren inguruan. Jende harbera, oso fededunak, oso onak dira. Erlijio sekta ugari daude, hori bai. AEBtik ebanjelista ugari bidali zituzten. Euren propaganda bozgorailuekin egiten dute azoketan eta. Guk halakorik ez. Gehienak katolikoak dira.
15. Zenbait ahizpa zaudete etxean?
Bost gara. Haietako bi 83 urte ditugu. Bat Maria Jesus Iriarte olaztiarra da. Bere anaia Gregorio Iriarte, oblatua, lan handia egin zuen Bolivian. Bera eta ni adinduenak gara. Oso ongi moldatzen gara. 60 urteko peruarra dago. Kaleko haurren aterpe batean lan egiten du. Erruki handiko lana da. Utzitako haurrak, drogatu direnak, ez dakit bakarren bat besteren bat zauritu ez ote duen… denetarik. Berak beste komunitate bateko ahizpa batekin denetarik egiten du. 50 urteko txinatar bat da beste ahizpa. Oso dinamikoa. Hedabideekin lan egin eta Peruko kongregazioko administratzailea da. Batzuetan etxean dago, beste batzuetan bestean. Azkenik, trebatzen ari den venezuelar bat dago. Botoak egin berriak ditu. 30en bat urte ditu. Ikasten ari da.
16. Denen artean lan guztira iristen zarete?
Ahal duguna egiten dugu. Gehiago bageunde, gehiago. Baina ahal duguna. Ahizpak falta dira. Baina Peruko beste edozein distritutan ez bezala, gurean bederatzi bat erlijio-kongregazio daude. Hain handia denez, eta guztia hasten ari denez, hain da handia dagoen egitekoa…
17. Lan hori egiteko laguntza behar da, ezta?
Hemengo laguntzei esker zerbait iristen gara. Bestela, guk ez dugu bitartekorik. Olatzagutiko jostunen bidalketak guretako dira. El Callao portura iristen dira.
18. Eta zer behar duzue?
Batere arroparik gabe gelditu dira eta orain negua iritsiko da. Jakiak. Eskola materiala. Adinduendako bastoiak, gurpildun aulkiak, betaurrekoak, pixoihalak. Eraikuntza materialak, kaltetutako etxeetarako. Baina batez ere neguko arropa jaso nahi dugu Altsasun, Frontoiko zeharbidearen 14an, udalaren bajeran, asteazkenetan, 11:00etatik 13:00etara. Diru ekarpenak Caixabanken zabaldutako kontu korrontean egin daitezke (2100 3729 21 2210046559). Horiekin materialez betetako edukiontziaren bidalketa ordainduko da. Eta soberan dagoen dirua Perura bidaliko dute, guk han elikagaiak eta botikak erosi ahal izateko. Maika Garmendiak, Urdiaingo eta Ziordiko udal idazkariak, kontuan esku hartuko du, jendaurrean guztia argi gelditu dadin; dena gastatu dela eta dena guri bidali zaigula argi gelditzeko. Gu Manchayko apaizarekin koordinatuko gara. Berak bermatuko du laguntza jendearengana iristea.
19. Errukia.
Batzuetan gaizki ulertzen da errukia. Hau pena… eta beste. Ez da horrela. Pena da, bai. Baina pena aktibo bat. Besteendako ona egiten duen guztia… hori da errukia.