Omenaldi eta ongi etorri beroa jaso zuen astelehen arratsalean Gorka Izagirrek Ziordian. Ormaiztegikoak urte batzuk daramatza Ziordian bizitzen eta herritarrek eta Udalak ongi etorria prestatu zioten, Girotik itzuli berri, Ziordiko frontoian. Herritar ugari bildu ziren bertan. Tartean, Giroko 8. etapa irabazi izanagatik zoriondu zuten Izagirre. Alkateak eta herriko txirrindulariek -Asier Ormazabal, Ailetz Lasa eta Izai Igeltz- eta txirrindulari ohi eta egungo zuzendari Jorge Azanzak jantzi zizkioten txapela eta herriko zapiak, baita emazte eta semeei ere, eta oroigarria oparitu zioten, familia alboan zuela. Herriko dantzarien aurreskuaren ondoren, auzate ederrarekin despeditu da omenaldia.
Izagirre: “herriak halako ongi-etorria egitea eskertzekoa da”
“Eguerdian iritsi naiz, oraindik nekatuta nago baina herrian egindako ongi-etorriarekin oso oso pozik nago. Espero ez nuen gauza da, eskertzekoa. Ziordian urte gutxi batzuk daramatzat bizitzen, eta herriak halako ongi-etorria egitea eskertzekoa da” azaldu zion Guaixeri Gorka Izagirrek. Ormaiztegiarrarendako Giro berezia izan da, etapa irabazi izanagatik. “Beti da pozgarria irabaztea, polita. Dena ematen duzu irabazteko eta nahiz eta akituta, oso nekatua bukatu, oso pozgarria da” gaineratu zuen. Nahiz eta Nairo Quintana taldekidea bigarrena geratu, Movistar Team taldean egindako lanarekin kontentu daudela gaineratu zuen Izagirrek. “Beti irabaztera etorri izan gara eta ez dugu lortu, baina kontentu gaude egindakoarekin. Orain atseden hartu eta pixkanaka hasiko naiz lasterketetan. Ez dakit zehatz zein izango den egutegia. Etxean ere bestelako lanak badauzkagu eta orain familiarekin egotea eta disfrutatzea tokatzen da” adierazi zuen.