Lanak duela bi aste hasi zituzten. Aurreneko hilabetean lurra ateratzen ari direlako kamioi ugari ibiliko dira
Texeria bidean, Olatzagutiarako bidean, Ziorditik 520 bat metrora ur beltzen araztegia egiteko lanak duela bi aste hasi dira eta Patxi Bengoetxea alkateak jakinarazi duenez, sei hilabeteko iraupena izanen dute. Araztegiak Mirari kale ondoan dagoen hobi septikoa ordezkatuko du. Hala ere, hura ez da erabili gabe geldituko. Orain arte bezala han jasoko dira herriko ur zikinak, baina hodi baten bidez araztegiraino eramanen dituzte, han garbitu eta ibaira botatzeko. Lanak hobian sortzen diren usainak eragotzi eta batzuetan izaten diren ur beltzen isurketak eragotziko ditu.
Bengoetxeak jakinarazi du araztegia kokatzeko eta hoditeria eramateko lurra atera behar dela. Lur hori hondakindegi zaharrera eramanen dute kamioietan. Horregatik, lanen aurreneko hilabetean herrian kamioien trafikoa handituko da eta arretaz ibiltzeko eskaera egin dute udaletik. Nilsa enpresa publikoak eraikiko du, 738.619 euroko (BEZ kanpo) aurrekontuarekin.