Asteazkenean hasiko dira Ziordiko festak, igandera arte luzatuko direnak. Festa egun horietan kirolak tarte ederra hartuko du. Esaterako, ostegunerako, irailaren 7rako, Ziordiko II. Haur Lasterketa antolatu dute Ziordiko Running Taldeak eta Ziordiko festetako batzordeak. Proba 18:00etan hasiko da, herriko plazan, eta proba hasi baino lehenago eman behar da izena, plazan.
Atletismoa, pilota, saskibaloia, txirrindularitza eta futbola
Ostiralean, 17:30ean, Sakanako pilotarien arteko pilota partidak izango dira. Larunbatean, eskaintza bikoitza izango da. Goizeko 11:00etan saskibaloi jokalari beteranoen arteko partida jokatuko da goizeko 11:00etan hasita. Altsasuko CBASK taldeko beteranoek Aguraingo beteranoak izango dituzte aurkari. Eta, arratsaldean, 17:00etan, Burunda Txirrindularitza Klubak antolatutako eskolen mailako txirrindularitza proba jokatuko da.
Domekan futbolak hartuko du protagonismoa. 18:30ean hasiko da Ziordia, Sutegi, Uharte Arakil eta Altsasu futbol taldeen arteko Futbol Txapelketa.