Urdiainen bizi guztiko ibilbideari aitortza

Guaixe 2017ko urr. 17a, 15:55
Benjamin Urdiain saria eskutan duela. Argazkia: @restzalacain.

Madrilgo Gastronomia Akademiak eskualdeko gastronomiaren bertuteak zabaltzea du helburu 2005etik. Sukaldeetan ari diren profesionalei aitortza egiteko joan den urtean gastronomia sariak banatzen hasi ziren, Madrilgo Komunitatearekin batera. Bigarren edizioa atzo izan zen eta Benjamin Urdiainek bizi guztian egindako ibilbideagatik saritu zuten. Aurten 30 urte bete dira  sukaldari ziordiarrak Michelin gidako hiru izar lortu zituena Zalacain jatetxearendako. Estatuan lortu zuen aurrena izan zen.

Biografia
Urdiain gazte zelarik Donostiara joan zen. Osabek Izkiña taberna zuten eta han hasi zen lanean. Donostiako Continental hotelean sartzekotan egon zen, baina beste bat hartu zuten. Eta osaben bidez Iparraldean tokia opatu zuen. Miarritzen lehenik eta Baionan ondoren. Miarritzen buru izan zuena Pauera lekualdatu zen eta Urdiain harekin joan zen. Zortzi urte eman zituen batetik bestera. Bueltatzeko asmoa azaldu zion nagusiari eta hark, ezetz, Parisera jotzeko. Hiriburuan Plaza Athénéen aritu zen. Kolpe handia hartu zuen, hura gorena zelako. 22 hilabete eman zituen Parisen lanean. Ezin zuen hango udako beroarekin.

Biboko jatetxe garrantzitsuena zen Artaganera bueltatzekoa zen, baina hura gauzatu bitartean Santanderren egon zen denboraldi batez. Urte betez saltsen buru izan zen. Jatetxeko zuzendariak sukaldari buruarekin eztabaida izan ondoren izendatu zuten Urdiain sukalde buru. Jatetxeak berak ezkontza oparitzat eztei-bazkaria oparitu zion.

Bilbon zela Jesus Oiarbide sukaldari altsasuarra berarekin harremanetan jarri zen. 10 urte zeramatzan Madrilen eta Principe de Viana jatetxea zuen han. Zalacain jatetxea proiektua zen eta hartarako nahi zuen ziordiarra. Eta hara joan zen 1973ko garilean, jatetxea abenduan zabaltzeko asmoz. Udan, Madril hutsik zegoela, Oiarbideren eskutik bertako jatetxe entzutetsuenak ezagutzeko aukera izan zuen. Zalacainetik erakarri zuena bere lorategiak eta sukalde handia, argi natural handia zuena.

Harreman ona izan zuen Oiarbide eta haren emazte Txelo Apalategirekin. Biak ere Zalacaingo sukalderaino sartzen ziren. Talde ona osatu zuten eta trebatzeko, udazkenero, Frantziara jotzen zuten. Han egun batzuk ematen zituzten eta hainbat ideia berri ekartzen zituzten jatetxerako. Madrilen opatzen ez zituzten hainbat produktu eramaten hasi ziren eta teknikak etxekotu zituzten. Saltsak prestatzen iaioa izan zen Urdiain. 1981ean Gastronomia Nazio Saria jaso zuen eta 1999an estatuko sukaldariek bere lanaren kalitatea aitortu eta omenaldia egin zioten.