Urbasa tabernan saldutako 67.925 loteria zenbakiak diru moduan zoriona ekarri zien hainbati. Larunbateko zozketako bigarren saria zenbaki horrendako izan zen, Aguraingo administrazio batean erosten dutena. Ana Otxoa Agirre amaren taberna-jatetxean lanean aritzen da Ana Belen Fernandez Otxoa eta berak azaldu digunez, “txartel batzuk bueltatu genituen, baina ziur 40 saldu direla, bakarren batzuk gehiago izan daitezke”. Loteria txartel bakoitzaren jabeak 25.000 euro jasoko ditu.
Larunbatean administraziotik sariaren berri emateko hots egin ziotenean, “hasieran gaizki ulertu nuen. Guztien artean 25.000 euro zirela ulertu nuen. Zein gutxi, pentsatu nuen. Berriro azaldu zidanean, bai, sari ederra zela jabetu nintzen”. Fernandez pozik dago zoriona banatzeagatik. Larunbatean bertan asko izan ziren tabernatik ospatzera pasa zirenak.
Fernandezek azaldu digunez, saria oso banatuta dago herritarren eta eguneroko menua jatera joaten diren langileen artean. “Badira aurreko batean kinto ospakizuna egin zuten 15 lagun. Hiru txartel erosi zituztenak eta geroztik jokatzen egon dira. Ehiztari talde bat badago ere. Edo kartetara jolastera etorri eta erosi dutenak, erdibana edo txartel osoa dutenak. Olaztiarrak daude, Iruñekoak eta Gasteizkoak”.
Aurretik ez dute halako saririk eman. “Jokatutakoa tokatu zitzaigun noizbait. Boladan geunden. Hirutan jokatutako 6 euroengatik 18 kobratu izan ditugu”. Igandean bertan hurrengo zozketetarako 67.925 zenbakia saltzen segitu zuten, Eguberriko eta Haurren eguneko zozketetarako barne. “Ni hemen lanean nagoenetik jokatzen da zenbaki horretara, ez dakit noiztik”. Eurek ere txartela badute eta, agian horrekin, buruan zituzten tabernako erreformak eginen dituzte.
Zortearen bisitak
1963an Eguberritako loteriako sari nagusia banatu zuen Altsasuko 1. saltokiak, 37,5 milioi pezeta.
1987an ONCEko Altsasuko San Juan kaleko saltokiak 2 milioi pezetako saria banatu zuen.
1989ko lastailaren 28an Altsasuko Mareo tabernan zigilatutako 14ko kiniela batek 22 milioi pezeta eskuratu zituen.
1996ko ilbeltzaren 27an, Altsasuko 2. loteria saltokiak 820 milioi pezeta banatu zituen. 2006ko otsailaren 2an, Altsasuko 1. saltokiak 180.000 euroko saria partitu zuen.
2006ko lastailaren 6an Altsasuko 1. saltokiak, sari nagusiarekin, 10,6 milioi euro banatu zituen.
2007ko apirilaren 21ean 1,2 milioi euro banatu zituen eta beste horrenbeste 2010eko martxoaren 13an Altsasuko 2. saltokiak.
2008ko otsailaren 12an, 14ko kiniela bat zigilatu zuen pertsona batek 51.638 euro eskuratu zituen Altsasuko 2. saltokian.
2009ko apirilaren 20an bonolotoaren zozketan 5 zenbaki eta osagarria asmatu zituen bezero batek 64.143,08 euro eskuratu zituen Altsasuko 2. saltokian.
2011ko otsailaren 6ko ONCEren zozketak 3.025.000 euro utzi zituen Uharte Arakilen, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen eta, batez ere, Bakaikun.
2012ko agorrilaren 3ko ONCEko kupoitzarrak 9.390.000 euro utzi zituen.
2012ko abenduaren 22ko Eguberritako loteriako 5. sariko txartelak saldu zituen Altsasuko 1. saltokiak.
2014ko ilbeltzaren 1eko ONCEren ezohiko zozketako 3. sariko 800.000 euro banatu ziren Altsasuko San Juan kaleko kioskotik.
2015eko maiatzak 10ean Loteria Primitibako Jocker jokoak 10.000 euroko saria utzi zuen Altsasun. San Juan kaleko loteria saltokian zigilatu zen txartela.
2015eko abenduak 29an ONCEren zozketak 350.000 euro utzi zituen Altsasun. San Juan kaleko kioskoan saldu ziren txartelak.
2017ko irailaren 30ean Primitibako zozketak 548.517 euroko saria eman zion Altsasuko San Juan kaleko 1. zenbakidun administrazioan saldutako txartel baten jabeari.