Gaur, 18:30etik aurrera, Santa Luzia eguna ospatuko dute ziordiarrek. Trikitilarien doinuak herrian barna zabalduko diren bitartean ziordiarrak herriko bi tabernetan, elkartean eta gaztetxean eginen den pintxo-poteoan ibiltzeko aukera izanen dute.
41 urte dira ziordiarrak Santa Luzia ermitarik gabe gelditu zirela. Eraikin xumea zen eta kanpai-horman Sta Lucia ora pro nobis, año 1786 idatzia irakur zitekeen. 1797an gotzainak ermitako kontuetan 657 erreal eta 9 marabedi opatu zituen. 600 erreal ematea eta gainontzekoak sor zitezkeen ohiko gastuak estaltzeko erabiltzea agindu zuen. Santa Luzia ermita egungo igerilekuen parean zegoen, Eginorako bide bazterrean. 1971n zahar berritu zuten, baina 1976an herrirako sarrera berria egiteko bota zuten.
Kentzearen zergatia
Ziorditik N-1 errepidera ateratzeko bidea gaur egun autobia azpitik pasatzen den inguru horretan zegoen, trenbide pasabidearen ondoren. Herri erditik harrobiko, teileriako, Jesus Lezea enpresako eta basotik enborrez kargatutako kamioiak pasatzen ziren. Trafiko astun horrek kaleak hondatu, ur sarea hautsi eta ur ihesak eragiten zituen, ziordiarrendako arriskua izanik ere.
Udalak herrirako beste sarbide ziurrago baten beharra sumatu zuen, mendebalderagotik. Eta, horrela, trenbide pasa kenduko zuten. Aurreneko proiektua igerileku parean zegoen Pilareko ermita errespetatzen zuen. Baina igerilekuen proiektua ere udal agintarien esku artean zegoen eta bigarren proiektuan ermita kentzea aurreikusi zen. Hasiera batean, apezpikutzak ermita berria egitea eskatzen zuen. Baina negoziazioen ondoren, ermita botatzearen truke elizako teilatua, fatxada eta barruko aldea margotu zen, 1,2 milioi pezetaren truke.
Gaur egungo Ziordiko sarrerako lanak 1976an hasi eta bukatu ziren. Entrecalanes eta Taboada enpresek egin zituzten lanak, 3.117.777 pezetaren truke. Pilareko ermitarekin batera kalbarioa desagertu zen. Ermitako harriak Zalduondora eraman zituzten.