Ziordiak hartuko du Sakanako Herri Kirol Jardunaldia

Guaixe 2017ko abe. 15a, 11:45

Sakanako herri kirolarien urte bukaerako festa igandean izango da, 12:00etatik aurrera, Ziordiko frontoian

Sakanako Herri Kirol Jardunaldia Gabonetako bezperetako klasikoetako bat da. Sakanako Mankomunitateak antolatzen du, Sakanako herri kirolarien laguntzarekin. Aurten Ziordian izanen da, igandean, 12:00etan, frontoian. Horregatik, Ziordiko Udalak emandako laguntza eskertu du antolakuntzak.

41 herri kirolari
Sakanako herri kirolarien urte bukaerako festa da Sakanako Herri Kirol Jardunaldia. Bertan, besteak beste, Sakanako Aizkora Eskolako aizkolariek eta Sakanako Harri Jasotze Eskolako harri-jasotzaileek hartzen dute parte. Ikasturtean barna ikasitakoa erakusteko primerako aukera da honakoa. Eta, haiekin batera, Sakanako aizkolariek, Sakanako trontzalariek eta soka tiratzaileek. Guztira 41 herri kirolarik hartuko dute parte: 24 aikolarik, 3 harri-jasotzailek eta 14 trontzalari, soka tiratzaile eta koxkol biltzaile.

Primerako erakustaldiaren ondoren, guztiak bazkaltzera bilduko dira Ziordiko Urbasa jatetxean.