Markel Mendoza, Oier Otxoa eta Ailetz Lasa dira Ziordiko aurtengo kintoak. Hiruekin batera beste hiru kinto zahar eta bi kinto gazte izanen dira ospakizuneko protagonistak. Zortziak Errekakartea elkartean bazkaltzera elkartuko dira. Mahaitik jaso eta poteoan ibiliko dira. Altsasuko kintoak dantzan ikusi ondoren, atzera ere, herrian, elkartean afalduko dute eta gaua Altsasun parranda eginez despedituko dute. Aurreneko jatekoak joan den urtean gorde zutenarekin pagatuko dute.
Larunbat eguerdian kalera aterako dira zortziak. Etxez etxeko eskeari ekinen diote, trikitilarien doinuak lagun dituztela. Dirua ematen dieten guztiei zahatoa eskainiko diote, tragoa edan dezan. Lanak despedituta elkartean bazkaria prestatu eta bazkalduko dute. Arratsaldean herrian barna ibiliko dira. Beste kinto zaharrekin batera afaldu eta eguna Altsasun despedituko dute. Domekan, azkenik, Urbasa tabernan bazkalduko dute kintoek, eta ondoren, arratsalde pasa, poteoan ariko dira.