Larunbatean eta igandean autogestioan eta herrigintzan diharduten Euskal Herriko kolektibo eta interesatuak deituta daude Ziordiko Amarauna gune autogestionatuan. Bertan Aman Komunak proiektuaren aurkezpena eginen da eta, bide batez, hainbat auzolan lan eginen dira Amaraunan.
Aman Komunak
Aman Komunak ekimena 2017ko ekainean sortu zen, Notre-Dame-des-Landes herriko ZADarekin lotutako harremanen haritik. Aman Komunak ekimenean Euskal Herri osoko kolektibo eta pertsonak biltzen dira, autogestioari eta, orokorrean herrigintzari bulkada bateratua emateko. "Elkar ezagutzea eta dinamiken egituratzea dugu xede, bakoitzaren esperientzia, baliabide eta gogoei indarrak eskainiz, baita guztien artean proposamenak adostuz. Gardentasuna, horizontaltasuna eta inklusibitatea hartu ditugu oinarri, aniztasunak ederrago eta eraginkorrago egiten gaituela sinetsita" adierazi digute Aman Komunak elkartetik.
Hiru hilabetetik behin askegune batean elkartzea erabaki zuten Aman Komunak ekimeneko kideek, auzolanak egin eta ekimenak antolatzeko. Jakina, talde eta pertsona berriek ateak zabal-zabalak dituzte. Horrela, asteburu honetan Aman Komunak proiektuaren biltzar nagusia Ziordian burutuko da, Amarauna gune autogestionatuan, igandean. Baina bezperatik hasiko da egonaldia.
Auzolanean egitekoak
Izan ere, larunbatean, goizeko 10:00etarako dute hitzordua. Auzolana antolatzeko bilkura egingo dute, eta Ziordiko Amaraunan auzolanean hasiko dira berehala. Hainbat lan egin nahiko lituzkete: proiektuetarako gelak 2. solairura igo eta 2. solairuko gelak txukundu, altzariak mugitu, areto nagusiko antzeztokiaren zorua konpondu, kanpoaldea txukundu, kimatze lanak, seinalizazio kartela, egurrezko konpostagailua, fosa septikoa jartzeko lehendabiziko lanak egitea… 13:00etako geldialdian Amarauna proiektuaren aurkezpena egingo dute, eta bazkaldu ondoren auzolanak segiko du. 19:00etan igandeko Aman Komunak ekimenaren aurkezpen biltzarra prestatzeko asanblada irekia eginen dute eta, ondoren, afaltzera bilduko dira.
Igandean Aman Komunak proiektuaren biltzarra goizeko 11:00etan hasiko da. Bazkarirainoi luzatuko dira, eta arratsaldean biltzarren sortutakoa garatzeko aukera izango dute.
Ziordiko ekimen hauetan parte hartzeko ez da aurrez aldetik abisatu behar, baina antolakuntzak eskertuko luke amaraunaziordi@gmail.com helbidera mezu bat bidaltzea, antolakuntzan hobeto aritzeko.