V. Ziordiko Herri Krosa, ate joka

Guaixe 2018ko mai. 10a, 14:40

Maiatzaren 19an jokatuko da, baina izena ematea zabalik dago

Ziordiko Running taldeak antolatuta, maiatzaren 19an jokatuko da V. Ziordiko Herri Krosa, 17:00etatik aurrera. Ziordian prestatutako zirkuitu ederrean guztira 6,8 km osatu beharko dira. Baina Ziordiko krosa, lasterketa izateaz gain, proba solidarioa da. Hau da, izena emateagatik ez da ordaindu behar, soilik elikagaiak eta erabilitako boligrafoak edo errotulagailuak eraman behar dira, elkarteak kolaboratzen duen fundazioei laguntza emateko.

Aurten hiru fundazioendako egingo du bilketa Ziordiko Herri Krosak. Batetik, Iruñeko Paris 365 jantoki sozialerako. Horrela, kategoria txikiko probetan parte hartzen duten neska-mutikoek 2 kilo janari edo gehiago eraman beharko dute parte hartzeko, eta helduek 4 kilo elikagai edo gehiago. Jasotako guztia jantoki sozialera bideratuko da. Bestetik, Dravet sindromea fundaziorako bilketa egingo da. Kasu honetan, erabilitako errotulagailu eta boligrafoak jasoko ditu fundazioak, gero birziklatzera eramango dituztenak. Horretaz gain, kamisetak eta materiala jarriko dituzte salgai eta zozketa egingo dute. Eta, azkenik, “y os lo cuento” izeneko proiektuak presentzia izanen du Ziordian. Iruñeko Xabi suhiltzaileak sustatutako proiektua da, Guatemalako eskola bat sustatzeko. Horrela, sariz betetako saskia zozketatuko dute.

Ekimen solidario hauetan parte hartzeko deia egin du Ziordiko Running taldeak. Korrikalariak lasterketan aritzera animatu ditu, eta senitarteko eta lagunak Ziordira gerturatzea, arratsalde polita eta solidarioa pasatzeko.

Lasterketan izena emateko
Ondoko web orritan: ziordirunningtaldea.wixsite.com/ziordirunning