V. Ziordiko Herri Krosa, bihar

Guaixe 2018ko mai. 18a, 14:00

Ziordiko proba solidarioa larunbatean jokatuko da. 17:00etan kategoria txikikoen probak hasiko dira, 17:30ean 2 km-ko lasterketa herrikoia eta ondoren proba nagusia (6,8 km)

Ziordiko Running taldeak antolatuta, bihar, maiatzaren 19an, larunbatean jokatuko da V. Ziordiko Herri Krosa proba solidarioa. 17:00etatik aurrera kategoria txikiko probak hasiko dira, 17:30ean 2 km-ko proba herrikoia eta segidan proba nagusia, 6,8 km-koa.

Diruaren ordez, Paris 365 jantokirako jakiak
Ziordiko krosa, lasterketa izateaz gain, proba solidarioa da. Hau da, izena emateagatik korrikalariek ez dute ordaindu behar; horren ordez, elikagaiak eta erabilitako boligrafoak edo errotulagailuak eraman behar dituzte, Ziordiko Running taldeak kolaboratzen duen fundazioei laguntza emateko.

Aurten hiru fundaziorendako egingo du bilketa Ziordiko Herri Krosak. Batetik, Iruñeko Paris 365 jantoki sozialerako. Horrela, kategoria txikiko probetan parte hartzen duten neska-mutikoek 2 kilo janari edo gehiago eraman beharko dute parte hartzeko, eta proba nagusian edo proba herrikoian parte hartzen dutenek 4 kilo elikagai edo gehiago. Jasotako guztia jantoki sozialera bideratuko da.

Dravet fundazioa
Bestetik, Dravet sindromea fundaziorako bilketa egingo da. Kasu honetan, erabilitako errotulagailu eta boligrafoak jasoko ditu fundazioak, gero birziklatzera eramango dituztenak. “Errefusara botatzen ditugun boligrafoak, kola poteak, errotulagailuak, azpimarratzaileak… bilduko ditu Dravet fundazioak. Birziklapena egiteaz gain, Dravet sindromearen kontrako borrokarako bideratuko da bildutakoa” adierazi dute antolakuntzatik. Horretaz gain, fundaziokoek kamisetak eta materiala jarriko dituzte salgai eta zozketa egingo dute.

Azkenik, “Y os lo cuento” izeneko proiektuak presentzia izanen du Ziordian. Iruñeko Xabi suhiltzaileak sustatutako proiektua da, Guatemalako eskola bat sustatzeko. Horrela, sariz betetako saskia zozketatuko dute.

Lasterketa herrikoia, nobedadea
Korrika egiten lehenak txikiak izanen dira, 17:00etan, Ziordiko plazan. 2011 urtetik gora jaiotakoek  plazari buelta bat emango diote (150 m), 2010 eta 2009 urteen artean jaiotakoek bi buelta (300 m), 2008 eta 2007 urteetan jaiotakoek hiru buelta (450 m) eta 2006 eta 2005 urteetan jaiotakoek lau buelta (600 m). Dagoeneko 130 haur baino gehiagok eman dute izena.

Ondoren, 17:30ean, 2 kilometroko lasterketa herrikoia abiatuko da. Proba nagusia gehiegitxo denendako antolatu dute distantzia herrikoiagoko proba hau, aurtengo berrikuntza. Eta, azkenik, proba nagusia abiatuko da, 18:00ak inguruan. Proba nagusian Ziordian barna prestatutako zirkuitu ederrari hiru itzuli emanez,  guztira 6,8 km osatu beharko dira. Lehen hiru sailkatuek, emakumezkoek eta gizonezkoek, saria jasoko dute. Sari-ematea 19:00etan hasiko da, Ziordiko Erreka-kartea elkartean. Momentuz, 175tik gora helduk eman dute izena.

Aipatzekoa da medikua eta anbulantzia zerbitzua izanen direla eta Gorka Gonzalezek masajeak emanen dituela proba hasi baino lehen eta ondoren.

Izena ematen duten lehendabizikoendako opari-poltsa
Proba nagusian eta proba herrikoian izena ematen duten lehen 150 korrikalariek opari poltsa jasoko dute eta opariak zozketatuko dira parte-hartzaileen artean. Kategoria txikienen kasuan, izena ematen duten lehen 120 neska-mutikok opari-poltsa eta sorpresa jasoko dute eta zozketak ere izanen dira.

Ziordiko lasterketan eta aipatu ekimen solidario hauetan parte hartzeko deia egin du Ziordiko Running taldeak. Korrikalariak lasterketan aritzera animatu ditu, eta senitarteko eta lagunak Ziordira gerturatzea, arratsalde polita pasa eta ekimen solidarioetan parte hartzeko.

Aurreko urtean 117 korrikalarik parte hartu zuten Ziordiko herri krosean eta Jorge Alonso eta Izaskun Beunza izan ziren irabazleak. Aurten parte-hartzaileen kopurua gainditu da, dagoeneko.

Sakanako XV. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria abian
Ziordiko V. Herri Krosak Sakanako Mankomunitateak, Dantzaleku-Sakana klubaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako Sakanako XV. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria zabalduko du. Aurten 5 lasterketak puntuatuko dute Kopan: Ziordikoak, Bakaiku-Iturmendiko XV. Aitzkozar Herri Krosak (maiatzak 26), Ergoienako XV. Birak (irailak 22), Sakanako XVIII. Herri Lasterketak (azaroak 3) eta Barrikarteren XXXVIII. Oroimenezko Oinezko Lasterketak (abenduak 8, Altsasu). Lasa Kirolak-ek babesten du kopa.

Sakanako 10 korrikalari hoberenek puntuatuko dute, emakumezkoek eta gizonezkoek eta bost proba hauetatik gutxienez lauretan parte hartu beharko dute. Lehenengoek 80 euro jasoko dute kirol materialean, bigarrenek 60 euro eta hirugarrenek 40 euro. Horretaz gain, proba guztietan parte hartzen dutenen artean sari bat zozketatuko da.

Lasterketan izena emateko
Bihar, larunbatean, Ziordian. Kategoria txikikoak 15:30etik 17:00ak arte eta helduak 15:30etik 18:00ak arte.