Javier Nagore eta Izaskun Beunza txapeldunak Ziordian

Guaixe 2018ko mai. 24a, 16:05

V. Ziordiko Herri Krosa proba solidarioa irabazi zuten. Txikien kategoria, proba herrikoia eta proba nagusia kontuan hartuta, 400 korrikalari inguruk parte hartu zuten Sakanako Atletismo Koparako baliagarria zen proban

V. Ziordiko Herri Krosa (6,8 km)
Gizonak:
1. Javier Nagore:     23:40
2.Pablo Lassa:        24:20
3.Pablo Romero:        24:23
4.Iker de Arriba:        24:30
5.Jon Ander Cabero:    24:53
6.Daniel Martinez:    25:00
7.Jorge Alonso:        25:12
8.Mikel L. Goikoetx.:    25:25
9.Antonio Belmonte:    25:53
10.Andres Fauste:    26:20
11.Xabier Otano:        27:10
12.Patxi Cano:        27:12

Emakumeak:
17.Izaskun Beunza:    28:55
28.Delia Sampedro:    30:42
38.Erkuden San Martin:     32:20
45.Ane Pascual:        32:55
52.Arantxa Hierro:    33.40
66.Maite Zabaleta:    34:51
67.Merche Casas:    35:00
77.Vanessa Galbete:    35:45
83.Laura Garcia:        36:30
91.Rosa Arias:        37:15

*Sailkapen osoa: https://ziordirunningtaldea.wixsite.com/ziordirunning/clasificacion-2018


Eguraldia lagun eta primerako giroan jokatu zen, larunbatean, Ziordiko Running taldeak hainbat babeslerekin batera antolatutako V. Ziordiko Herri Krosa proba solidarioa. Proba Sakanako XV. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria txapelketarako baliagarria zen, puntuatzen zuen bigarren proba, hain zuzen ere. Sakanako 10 korrikalari onenek puntuatu zuten, gizonezkoek eta emakumezkoek.

17:00etik aurrera kategoria txikiko probak hasi ziren. 2011 urtetik gora jaiotakoek plazari buelta bat eman zioten (150 m), 2010 eta 2009 urteen artean jaiotakoek bi buelta (300 m), 2008 eta 2007 urteetan jaiotakoek hiru buelta (450 m) eta 2006 eta 2005 urteetan jaiotakoek lau buelta (600 m).Guztira 185 neska-mutiko zeuden izena emanda. Gustura, bukaeran opari-poltsa eta sorpresa jaso zuten eta izena eman zutenen artean zozketak izan ziren.

Ondoren, 17:30ean, 2 km-ko proba herrikoia abiatu zen. Gutxi gorabehera 30 korrikalari animatu ziren, eta herrikoia zenez, ez zen sailkapenik egin, ekimenean parte hartzea eta lasterketak lagundu eta babestu zituen egitasmo solidarioak sustatzea baitzen helburua.

Eta 18:00etan helduen txanda izan zen. Ziordian prestatutako zirkuitu ederrari hiru buelta eman behar zioten korrikalariek, guztira 6,8 km osatuz. Proba herrikoia eta proba nagusia kontuan hartuta, 241 korrikalari inguruk hartu zuten irteera, eta horietatik 168 sailkatu ziren. Lasterketa polita izan zen, baina irabazleak, Javier Nagorek, ez zuen areriorik izan (23:40) eta 40 segundo atera zizkion Pablo Lassari (24:20). Pablo Romerok osatu zuen podiuma (24:23). Lehen sakandarra Patxi Cano altsasuarra izan zen, helmugan 12.a (27:12).

Emakumezkoetan, aldiz, protagonista sakandarra izan genuen, Izaskun Beunza (28:55). Olaztiarrak ia bi minutu atera zizkion Delia Sampedrori (30:42). Erkuden San Martin etxarriarra hirugarrena izan zen (32:20).

Korrikalariek opari poltsa jaso zuten eta antolakuntzak zenbait zozketa egin zituen. Horretaz gain, guztiendako auzate ederra izan zen elkartean eta lehen hiru sailkatutakoek, emakumezkoek eta gizonezkoek, saria jaso zuten. Beste behin, arrakastatsua izan zen herri krosa, bai kirolaren aldetik eta baita ere alde solidarioaren aldetik.

2.000 kilo elikagai, 75 errotulagailu kilo eta 1.400 euro Guatemalarako
Izan ere, Ziordikoa herri lasterketa da, baina lasterketa solidarioa da eta alde horri sekulako garrantzia ematen diote Ziordian.  Aurten hiru ekimen lagundu zituen Ziordiko herri krosak. Batetik, izena ematerakoan inskripzioa ordaindu beharrean, elikagaiak eraman behar zituzten korrikalariek –kategoria txikikoek 2 kilo elikagai, gutxienez, eta helduek 4 kilo elikagai, gutxienez–, Paris 365 jantoki soziala laguntzeko. Ziordiko Running taldeko Jose Ramon Ramirezek adierazi digunez, guztira 2.000 elikagai kilo inguru jaso dituzte, aipatu jantoki sozialera bidaliko direnak.

Horretaz gain, Dravet sindromea fundazioak postua jarri zuen Ziordian. Erabilitako errotulagailuak, boligrafoak, azpimarratzaileak, kola poteak eta beste jasotzen ditu fundazioak, birziklatzera eramaten ditu eta trukean laguntza jasotzen du. “75 kilo errotulagailu jaso genituen. Horretaz gain, Dravet fundazioak zozketa egin zuen eta 3.000 euro lortu zituen, datu oso pozgarria” gaineratu du Ramirezek.

Azkenik, “Y os lo cuento” izeneko proiektuak sustatzen duen Iruñeko Xabi Luna suhiltzailea Ziordian izan zen, Guatemalako eskola bat sustatzeko proiektua aurkezteko. Sariz betetako saskia zozketatu zuten eta 1.400 euro inguru bildu zituzten, Guatemalako eskolara bideratuko direnak. “Guztion artean, korrikalarien, antolatzaileen eta babesleen artean, lortu dugu. Guztiok gara irabazle” nabarmendu zuen Ramirezek. Aipatu zuenez, 127 babesle ditu probak.

Sailkapen osoa ikusteko
Sartu ondoko web orrira: https://ziordirunningtaldea.wixsite.com/ziordirunning/clasificacion-2018