Gorka Izagirre, Espainiako txapelduna

Guaixe 2018ko eka. 25a, 15:01
Argazkia: bettiniphoto.net

Ziordian bizi den txirrindulariak Espainiako Txirrindularitza Txapelketetako lasterketa irabazi zuen atzo Castellonen

Igandean jokatu zen profesionalen mailako Espainiako Txirrindularitza Txapelketetako lasterketa, 215 km-ko etapa, Castellonen. Lasterketa oso mugitua izan zen, etengabeko erasoekin, eta, azkenean Bahrein Merida taldeko Gorka Izagirrek ongi eutsi zien erasoei eta bakar-bakarrik iritsi zen Benicàssimeko helmugara (5:07:50). 9 segundora laukote bat sartu zen, Alejandro Valverde (Movistar) eta Omar Fraile (Astana) buru zirela. Movistar Team taldeko Imanol Erbiti hiriberriarra 27.a iritsi zen helmugara, 2:57ra.
Horrela, Ziordian bizi den txirrindularia, Gorka Izagirre, Espainiako egungo txapelduna dugu.

Espainiako Txirrindularitza Txapelketen barruan ostiralean Espainiako Erlojupekoko Txapelketa jokatu zen, Vall d’Alban, 37,5 km-ko proba. Erlojupekoan ere podiuma zapatu zuen Gorka Izagirrek, eta berarekin batera beste bi euskaldun igo ziren gorenera. Izan ere, Espainiako erlojupekoko txapelketa Sky taldean dabilen Jonathan Castroviejok irabazi zuen (47:46), Izagirre anaien aurretik. Gorka Izagirre bigarrena sailkatu zen (48:23) eta Ion Izagirre hirugarrena (48:24).

23 urtez azpikoan, Asier Ormazabal
Espainiako Txirrindularitza Txapelketetan, afizionatuen 23 urtez azpikoen txapelketa jokatu zen Oropesa del Mar eta Culla atean (161,5 km). Euskadiko selekzioko Iñigo Elosegi izan zen txapelduna (4:23:15), Andaluziako Carmelo Urbanori 2 segundo aterata. Nafarroako selekzioarekin aritu zen Asier Ormazabal ziordiarra eta 59.a sailkatu zen, 18:57ra. Eta Vall d’Alban jokatutako 23 urtez azpiko erlojupekoko txapelketan (19,5 km) Martin Bouzas galiziarra gailendu zen (25:16). Asier Ormazabal 20.a sailkatu zen (27:44).