Hirumuga eta mustutzea

Guaixe 2018ko eka. 29a, 12:08

Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa elkartzen diren mendi-puntara, Hirumugara, irteera antolatu du Ziordiko Udalak. Igandean, 09:00etan abiatuko dira plazatik. Bi orduko ibilaldiaren ondoren, tontorrean ikurrina jarriko dute. Hilabetez maiatzean jasotako zuhaitzean egondako ikurrina mendi puntan urte guztirako utziko dute. Hala egiten daramate lau bat urte.

Eta beherako bidean auntzetxean geldialdia eginen dute. Teilatua berritu zuten (teila zaharrak kendu habe batzuk aldatu eta teila berriak jarri) eta auntzetxearen perimetroan drainatze zanga egin zuten joan den urtean. Lan horien mustutzea egiteko baliatuko dute domekan. Auzatea izanen da. Patxi Bengoetxea alkateak azaldu digunez, egoera kaxkarrean zegoen teilatua eta litekeena zen beste negu bat ez irautea. Hala, ondarea mantendu eta abereak babesteko tokia berreskuratu dute. Izan ere, ura barrura sartu eta lohia sortzen zen eta abereak ez ziren sartzen.

Lanak basoen aprobetxamenduetatik ateratako diruarekin ordaindu zituen udalak. Izan ere, lortutako diruaren % 20 berriro basoan inbertitu beharra dute udalek halakoetan. Eta auntzetxea berritzeko lanak hor sartzen diren.

Aisialdi gunea
Auntzetxe azpian ur gorriko iturria dago. Hara jaisteko bidea egokitu nahiko luke udalak. Jakinik haraino pasieran jende joaten dela bi mahai eta dagozkion aulkiak jarri ditu udalak, hara joaten direnak atseden hartzeko tokia izan dezaten.