Atzo Pirinioetako lehen etapa jokatu zen Frantziako Tourrean. Etapa ikusgarria izan zen, abeltzain eta nekazarien protestak tarteko. Protestak disolbatzeko gas negar eragileak bota zituen poliziak eta gas horiek tropelean eragina izan zuten. Txirrindulariei kolirioa bota behar izan zieten begietan.
Lasterketara itzuliz, mugimendu asko izan ziren. Gilbertek (Quick Step) sekulako erorikoa izan zuen eta, nahiz eta atzoko etapa bukatu, gaur ez du irteera hartuko. Bere taldekide Julian Alaphilippek, ordea, etapa bikaina egin zuen. Etapa irabazteaz gain –Tourreko bere bigarren garaipena lortu zuen, Alpeetakoaren ondotik–, mendiko maillota sendotzea lortu zuen. Sekulako erasoa jo zuen Alaphilippek eta bakar-bakarrik iritsi zen helmugara, atzean Gorka Izagirre utzi eta gero. Ziordiko bizilaguna bigarrena sartu zen, 15 segundora. “Ahal dudana egin dut, baina ezinezkoa izan da” zioen Gorka Izagirrek helmugan. Baina berak eta bere taldekideek egindako lanari esker, bere taldea, Bahrein-Merida, taldekako sailkapenean lehena jarri da, Movistar Team taldeari tokia kenduta. Aipatzekoa da ere faboritoen artean ez zela aparteko mugimendurik egon.
Sailkapen orokorrean Geraint Thomasek jarraitzen du lider, bere taldekide Froome 1:39ra eta Tom Doumolin 1:50ra duela. Gorka Izagirre 29.a da, 33:58ra, eta Imanol Erbiti 90.a, 22:17ra.
Gaur Pirinioetako bigarren etapa dago jokoan, 65 km-ko etapa motza baina izugarri gogorra, Pirinioetako etaparik gogorrena. Sailkapen orokorrean duten postuen arabera aterako dira txirrindulariak, eta hiru portu gogor dituzte zain: Montée de Peyragudes (1. maila), Col de Val Louron-Azet (1. maila) eta Saint-Lary-Soulan (maila berezia). Gaurkoan bai, mugimenduak egongo direla aurreikusten da.