Jose Ramon Ramirez Perez: “Oso eskertua nago Ziordiko txupinazoa jaurtitzeagatik”

Maider Betelu Ganboa 2018ko ira. 7a, 08:38

Ziordiko lasterketaren eta futbol eta saskibaloi proben antolatzaileetako bat

1. Ziordiko festei hasiera eman diezu. Nork hartu zuen zu izendatzeko erabakia?
Ziordiko elkarteak urtero 6 pertsona izendatzen ditu festetako batzordea osatzeko. Urtero ezberdinak dira. Eta batzorde hau da festak antolatzen dituena: festetako musika eta kultur eta kirol emanaldi guztiak kontratatzen ditu, eta beraiek erabakitzen dute nork jaurtikiko duen txupinazoa. Ni hautatu ninduten, Ziordiko herri lasterketaren eta hainbat kirol ekitaldien antolakuntzan ibiltzen naizelako batik bat.

2. Eta nola hartu zenuen erabakia?
Oso pozik. 10-11 urte daramatzat Altsasun bizitzen, baina ziordiarra naiz eta niretzat ohorea izan da jaietako suziria piztu izana.

3. Beti kirolari lotuta; lehen futbol eta areto futbol jokalaria gehiago eta orain, bereziki, kirol proben antolatzaile.
Futbolean Urdiainen jokatzen nuen eta areto futbolean Ziordikoekin eta Koxka Tabernakoekin. Jokatzeko, areto futbola dut gustukoen. Koxka Tabernan talde bikaina genuen. Espainiako txapeldunak izan ginen, Europako Txapelketara joan eta bigarrenak sailkatu ginen… Urte oso onak izan ziren. Orain ez dut horrenbeste jokatzen, antolakuntzan nabil gehiago. Atletismo proba batzuetan hartzen dut parte, Sakanakoetan eta Iruñea eta Gasteizko batzuetan, baina antolakuntzan ibiltzea nahiago. Semeak saskibaloira jokatzen du eta CBASK taldean ere juntan ibilia naiz.

4. Nola eman zenuen jokalari izatetik antolatzaile izaterako salto hori?
Duela bost urte Ziordiko lauzpabost laguni Ziordiko Herri Lasterketa antolatzea bururatu zitzaigun. Korrika egitera joaten ginen eta lasterketa herrian antolatzea erabaki genuen, herrian zerbait egiteko. Nahiko ongi atera zen eta dagoeneko 5 edizio daramatzagu. Bizitzaren kontuengatik batzuek antolakuntza utzi behar izan dute, baina beste batzuek jarraitzen dugu eta hurrengo urtean, apirilean edo maiatzean, oraindik ez dugu zehaztu, lasterketaren 6. edizioa antolatuko dugu.

5. Ziordiko herri lasterketa, beraz, egonkortzen doa.
Bai, urtero jende gehiago dator, sare sozialetan jarraitzen gaituzte, gure publikazioak partekatzen dituzte… gehienbat gure lasterketak helburu solidarioa duelako. Eta horregatik jendea gehiago inplikatzen da, komertzioek produktu gehiago eta babes handiagoa ematen dizkigute…

6. Zein elkarte edo fundazio babesten dituzue?
Iruñeko Paris 365 Jantoki Sozialarekin eta Dravet Sindromea Fundazioarekin lan egiten dugu. Herri Lasterketaren lehen edizioa antolatzerakoan hasieratik udalaren laguntza izan genuen eta argi genuen helburu soziala izatea nahi genuela. Horrela, izena ematearen truke janaria, elikagaiak ekartzea da beharrezkoa gure lasterketan, eta bildutako janari hori Paris 365 Jantoki Sozialera bideratzen dugu. Lasterketaren lehen edizioan soilik jantokia lagundu genuen, baina sare sozialetan Dravet Sindromearen Fundazioaren berri izan nuen, lasterketetan euren kamisetarekin parte hartzen hasi nintzen, eta, ordutik, jantokia babesteaz gain, babesleek emandako produktuen loteekin Dravet Fundazioaren aldeko zozketak egiten ditugu gure lasterketetan, eurek ere salmahaia jartzen dute, eta diru bilketan laguntzen dugu.

7. Horretaz gain, futbol eta saskibaloi torneoak antolatzen ibili zara Ziordian.
Bai. Saskibaloian haur eta gaztetxoendako bi torneo antolatu genituen, Ziordiko txipudiko paraje ederrean. Batean eguraldi txarra egin zuen eta Altsasuko Zelandin egin behar izan genuen, baina bestean eguraldi ona egin zuen eta Ziordian egin genuen. Haurrekin kirola sustatzea, hori da asmoa eta eurek oso ongi pasatzen dute. Bestalde, futbolean txikienendako txapelketa txikia antolatu dugu, Irañetan, Uharte Arakilen, Lakuntzan, Araian eta Ziordian jokatzen ari dena. Igandean, 16:30ean jokatuko da Ziordian. Helduendako ere futbol torneoak egin izan ditugu… Ekimen nahikotxo dira, baina ekitaldiak bereizi egiten ditut bat egin ez dezaten: hilabete batean futbola, beste batean saskibaloia, bestean herri lasterketa…

8. Hurrengo denboraldirako zein asmo daude?
Dugunari eustea: saskibaloiko topaketa pare bat, Ziordiko herri lasterketa, Ziordiko festetako txikiendako lasterketa eta futboleko hiruzpalau ekimen, ekimen solidarioak, guztira 9 ekimen inguru.

9. Asteazkenean Ziordiko festetako lasterketa jokatu zen, ezta?
Bai, txikienendako antolatzen dugu, urte batetik 15 urtera bitartekoekin. Parte hartzeko Dravet Fundazioak jarritako salmahaian zerbait erosi behar zuten, txikikeriaren bat. Bost kategoria inguru aritu ziren eta ez da proba lehiakorra, ez da sailkapenik egiten, haurrengan kirola sustatzea, hori baita gure helburua. Guztiek oparitxo berdinak jaso zituzten.

10. Suzirian nor izan zenuen gogoan?
Herritarrei eskerrak eman nizkien nitaz gogoratzeagatik eta antolatuko ditugun ekitaldietan parte hartzera eta laguntza ematen jarraitzera animatu nituen. Bereziki, eskerrak eman nituen.

11. Ongi pasa festetan!
Eskerrik asko!