Adin guztietako 73 ziordiarrek herriko garai bateko ohiturak eta lanak birsortu zituzten asteburuan. Ziordiar horiek guztiek euren aiton-amonen, izeba-osaben eta auzokideen papera jokatu zuten kamera aurrean. Labrit multimedia ekoiztetxeko teknikariak izan dira berriro Ziordira bueltatu direnak. Duela 12 urte materiala ez den Ziordiko memoria jasotzeko 8 elkarrizketa egin zituzten. Eta haietan esandakoan oinarritu da orain filmatu den dokumentala.
Olatz Irizar Martinez zinegotziak azaldu digunez, duela dozena bat urte egindako elkarrizketek 24 ordu inguruko iraupena dute. Haiek disko gogor batean opatu zituzten herriaren etxean. “Ez du zentzurik elkarrizketa horiek udaletxeko artxiboan gordeta egotea. Helburua grabatutakoa zabaltzea zen”. Testigantza haiek jasotzen dituen dokumentala egitea pentsatu zuten. Eta hura aberasteko elkarrizketatutakoek hitzez azaltzen zituzten gauzetako batzuk berregitea egokitzat jo zuten udalean.
Hala, kamera aurrean, esaterako, komentua zen eraikina oihal lantegia zela gogoraraziko du eszena jendetsu batek. Filmazio lanak despedituta, Ziordiri buruzko dokumentala Santa Luzia egunerako argitaratu nahi luketela jakinarazi digu Irizarrek. Hala ere, oharra egin du: “ezin dugu ziurtatu lortuko dugunik”. Zinegotziak ziordiarrendako esker oneko hitzak ditu: “berregitean herri osoa busti da. Adin guztietakoak. Atrezzoa (garai bateko jantziak, lanabesak eta tresnak) lortzen ere jende askok lagundu du”. Irizarrek pena ere azaldu du: “8 elkarrizketa egin ziren bakarrik, jendea hiltzen doa eta testigantza asko jaso gabe gelditu dira. Horrek ez du atzera bueltarik”.
Lekukotzak eman zituztenak
Jose Agirre, Jose Aramendia, Angel Arrese, Milagros Mujika, Miguel Gonzalez, Placido Mendoza eta Angeles Martinez ziordiarren testigantzak jaso ziren 2006an. Aurreneko hirurak dagoeneko hilda daude.