Lanak Dona Maria kaleko goiko partean

Guaixe 2018ko abe. 14a, 11:39

Langileak obran lanean.

“Kaleak berritzeko aurretik egindako lanetatik kanpo gelditu zen Dona Maria kalearen goiko partea da egokitzen ari dena orain”. Ziordiko alkate Patxi Goikoetxearen azalpenak dira horiek. Zehazki udaletxe ondoko pisu blokearen paretik hasi eta ur biltegira joateko pistarekin, Lurgorrietako bidearekin bat egiten duen arte hartzen du lanak. Euri urak bildu, zorua berritu eta espaloiak jartzeko lanak dira. Goikoetxeak azaldu digunez, “euria egiten duenean Lurgorrietako bidetik ur asko jaisten da eta goiko etxeetan arazoak sortzen dira”. Lanak eginda ur horiek egoki jaso nahi dituzte, beraz.

Construciones Santesteban enpresa da lanak egiten ari dena. Duela hilabete hasi ziren eta ilbeltzean despeditzea aurreikusten dute, “beti ere, eguraldiaren arabera”. Alkateak jakinarazi digunez, udaletxe ondoko pisuen atearen parean zebrabide goratua izanen da eta kaleaz bestaldeko etxe zaharraren parean espaloia eginen dute. Lanek 212.000 euroko aurrekontua dute eta Nafarroako Gobernuaren Tokiko Azpiegitura Planaren bidez 74.000 euro ordainduko dira.



Araztegia martxan
Texeria bidean, Olatzagutiarako bidean, Ziorditik 520 bat metrora dago ur beltzen araztegi berria, agorriletik martxan dena. Araztegiez arduratzen den Nilsa enpresa publikoak ura ibaira behar den bezala botatzen duela jakinarazi dio Ziordiko Udalari. Araztegi berriko lanak joan den urteko garagarrilean hasi ziren. Nilsa enpresa publikoak eraiki du, 738.619 euroko (BEZ kanpo) aurrekontuarekin.

Ur araztegi berriak Mirari kale ondoan zegoen hobi septikoa ordezkatu du. Han Ziordiko ur zikinak biltzen segituko dute, baina hodi baten bidez araztegiraino iristen dira. Azpiegitura berriak batzuetan sortzen ziren usain txarrak eta noizean behin ibaira izaten ziren ur beltzen isurketa saihestuko ditu.  



Bestalde, Aralur enpresaren inguruan dagoen materia organikoa noiz kendu zain daude Ziordiko Udalean. Sakanako Mankomunitatean Arbizuko hondakindegian egokitzeko zati bat hartuko du. Alkateak esan digunez, zatirik txikiena eta kutsagarriak ez diren paper-fabriketako lohiak izanen dira. Gainontzekoa materia organikoa omen da. Lantegiaren teilatua 2016an behera egin zuen, elurraren zamarekin. Haize egunetan hango txapek arrisku egoerak sortzen dituztelako, udaletik enpresaren hartzekodunen konkurtsoa kudeatzen duen administratzailearekin harremanetan jarri behar izan dute.