Liburu bat gomendatzea ez da batere erraza. Guaixetik lan hau eskatu zidatenetik kosta egin zait hautaketa egitea. Irakurleok erabat desberdinak gara eta horregatik, eleberri bat gustukoa izan daiteke edo ez. Beraz, hemen duzue nire proposamena, eta ea asmatu dudan.
Lehenengoa, helduendako euskarazko eleberri bat da: “Bihotz handiegia”. Ipuinez osatutako Eider Rodriguezen liburua. Emakumeak, harremanak, gizarteak guregan duen presioa, norberak dituen betebeharrak, etab. luze besate batzuk jorratzen ditu. Azken finean eta letra larriz jarrita, SENTIMENDUAK. Irakurtzean hainbat bizipenekin bat egiten duzu eta bertan agertzen diren kontraesanak zure egiten dituzu. Bizitza bera da sei istorioetan islatzen dena, alde batetik bere konplexutasunekin eta bestetik eguneroko ekintza arruntekin.
Bigarren liburua gaztelaniaz idatzita dago: “Los señores del tiempo”, Eva Gª Saenz de Urturi gasteiztarraren trilogiaren azken istorioa da eta “nobela beltza” sailean sartuko nuke, alegia, hilketak, polizia, ikerketak eta historia. 1100. urtea eta 2019.a hartzen ditu eszena toki eta erraztasunez lotzen joaten dira bi aroetako gertaerak.
Eta, azkenik, liburutegira orain iritsi berri den haurrendako liburu bat proposatuko dizuet. Ilustrazio liburua da eta, ustez, euskarazko lehen emakume idazlea izan zen “Bizenta txiki”-ren bizitza erakusten digu. Yolanda Arrietak idatzi du eta marrazkiak Enrique Morenterenak dira. Euskal Herriko emakume interesgarriak ezagutzeko aukera ezin hobea.
Baina ez dut nire idatzia bukatu nahi bitxikeria bat kontatu gabe. Aurrekoan Miren Agur Meabe idazle lekeitiarraren bisita izan genuen Itsasi euskaltegian eta bere liburu baten irakurtzeko modu xelebrea azaldu zigun. “Zer da, ba, maitasuna?” eleberria hasierako orriak eta azkenekoak nahastuz irakurtzeko idatzia omen da, hau da, alde bateko 1 atala azken orriko 1 atalarekin, eta horrela liburu osoa. Proba ezazue, eta ea gustatzen zaizuen. Ni jada horretan ari naiz!