Aurtengo Ziordiko kintoak bi mutil dira: Inaxio Fernandez eta Mikel Gonzalez. Hala ere, ohi denez, kinto ospakizunak ez dituzte bakarrik eginen eta eurekin batera joan den urtean kinto izandako hirurak, kinto zaharrak, eta sei kinto gazte izanen dira. Guztira 11 gazteko koadrila, gaur bazkaltzera elkartuko dena. Urbasa tabernan jatekoak hartu eta Errekakartea elkartean bazkalduko dute. Poteoan ibili ondoren kinto altsasuarrak dantzan ikustera joanen dira. Herrian afaldu ondoren, Altsasura parrandara bueltatuko dira.
Baina bihar eguerdirako fresko egon beharko dute kinto-eskean ariko baitira trikitilariak lagun. Kinto segizioak, baserritarrez jantzia eta bere presentzia etxajuak botaz iragarriz, etxez etxeko eskea eginen du. Esker onez zahatoa eskainiko diete haiekin eskuzabal direnei. Kinto-eskea despedituta elkartean bazkaldu eta poteoan ibili ondoren Altsasurako bidea hartuko dute, kintoak dantzan ikusi, han afaldu eta parranda egiteko. Ziordiko kintoek euren ospakizuna domekan despedituko dute Urbasa tabernan bazkalduz eta herrian poteoan ibiliz.