Herri-ihotea Ziordira bueltan

Guaixe 2019ko ots. 15a, 14:37

Ziordiarrak zortzikoan entseatzen. Argazkia: utzitakoa.

Kultura Batzordeak sustatuta, Ziordiko garai bateko ihotea berreskuratzeko lana egin da urte eta erdi inguruz. Fruituak bihar, 19:00etan, ikusteko aukera izanen da, gimnasiotik abiatuko den kalejiran

Aurreko hiru urteetan ihoteak ospatu dituzte Ziordian. “Ez nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin lotutakoak, baizik eta hiri-giroan ospatzen direnak. Ihoteetako larunbatean izanen da: kalejira arratsaldean, afaria eta ondoren, musika pixka bat. Egun horretan herrian gelditu eta herrian zer edo zer egiteko ohitura sortu dugu”. Olatz Irizar Martinez zinegotziaren azalpena da hori. Hiru urteko eskarmentuaren ondoren, Ziordiko Kultura Batzordeak ihoteak berreskuratuko dituela gaztigatu digu Irizarrek. “Duela hiruzpalau urte Kultur Batzordea lanean ari da eta hasieratik haren asmoa izan da garai bateko ihoteak, Ziordian karnabalak deitzen zirenak, berreskuratzea. Arrazoi bategatik edo besteagatik atzeratzen joan gara berreskuratze lan hori, besteak beste, garai bateko “karnabala” berreskuratzea zailagoa iruditzen zitzaigulako”. Irizarrek azaldu digunez, urte eta erdi inguru daramate horretan lanean eta “aurten lana ikus gai eginen dugu”.

Juan Garmendia Larrañagak Carnaval en Navarra liburuan jaso zuen zein pertsonaia zeuden Ziordian eta zein egunetan ospatzen zen. Baina askoz gehiago ez zekiten batzordekideek. Zinegotziak jakinarazi digunez, Ziordiko ihoteek “antza handia dute inguruan ospatzen direnekin: Olatzagutiakoekin, Altsasukoekin…  Burundan ospatzen diren horiekin”. Garmendiak aipatzen duenez, hiru eguneko ihotea zen Ziordikoa.

Garai batekoa
Inauteri ospakizunak ostegun gizen egunarekin hasten zituzten ziordiarrek. “Egun horretan etxez etxeko eskea egin eta jatekoak biltzen zituzten, ondoren afaltzeko”. Ihote-ospakizunen bigarren eguna igandean izaten zen, domekan karnabala izena hartzen zuena. Irizarrek azaldu digunez, “egun hori umeendako zen. Bai neskak bai mutilak mozorrotu egiten ziren eta helduak pixka bat xaxatzen egoten ziren”. Ziordiko ihotea astearte karnabala egunarekin despeditzen zen. “Pertsona helduek ospatzen zuten, bai emakumezkoek bai gizonezkoek. Egun osoa jendea xaxatzen egoten ziren. Egunaren bukaeran dantza egiten zuten plazan eta agotzezko popin bat erretzen zuten. Popin horren inguruan askoz datu gehiago ez ditugu”.  Hura egiteko ardura kuadrillaz kuadrilla pasako da urtero.

Irizarrek argitu digunez, ihotean hiru pertsonaia zeuden: zomorroa, artzaina eta pezkina edo galdaragilea. “Hiru pertsonaiak berreskuratu ditugu. Herrian barna nola janzten ziren zabaldu dugu”. Zomorroa “txuriz janzten da, praka eta atorra txuria, zatak eta apainduta joaten da, eta maskara edo karatula eramaten du. Unanuko mamuxarroen antza du”. Pezkinak “mahoizko prakak eta zakua janzten ditu. Apainduta joaten da. Pertz batean errautsa eramaten du”. Artzaina “garai bateko artzain jantzi arrunta, baina aurpegia zikinduta du eta danborra eta zare edo saski bat eramaten ditu”.

Apaintzearena argitu nahi izan digu zinegotziak: “edozer gauzak balio du, beti ere, garai bateko abeltzaintzarekin eta nekazaritzarekin lotutako gauzak. Inguruko herrietan ikusi ditugunak izan daitezke. Guk abantaila hori daukagu inguruko herrietan ikusi ditugula azak, txapelak, farak, oihal zatiak… bururatzen zaiguna”. Kultura Batzordeko kideek nahi lukete ihote-segizioan hiru pertsonaiak egotea.

Jantziena bilaketa lan handia eskatu die batzordeko kideei. Irizarrek azaldu digunez, “Garmendiak pertsonaiak ongi jaso zituen. Baina ez zuen jaso nola zihoazen jantzita. Jende heldu dexente bizirik dagoen arren, oso jende gutxik zeukan buruan. Batzuk gogoratzen zuten egiten zela, baina ez zekiten esaten nola. Ruperta Gamizen eta Jose Agirreren testigantzetan oinarrituta atera dugu izan zitekeena. Ehuneko ehunean ez dugu asmatuko, baina…”

Larunbatean zer?
Kultura Batzordekoei “hiru egunak ospatzea gehiegi iruditzen zitzaigun. Egun batekin hasiko gara. Ondo ateratzen baldin bada, nork daki hemendik urte batzuetara zer eginen den!”. Aurtengo ihote kalejira 19:00etan gimnasiotik abiatuko da trikitilariak eta pandero-joleak girotuta. Mozorrotuen segizioak aurreneko geldialdia goiko iturrian eginen du. Han zortzikoa dantzatzeko aukera eta auzate txikia izanen dira kalejiran berriz abiatu aurretik. Hurrena, gauza bera eginen dute ermita parean. Eta kalejira plazan despedituko da. Plazan agotzez betetako popina erre eta haren inguruan zortzikoa dantzatuko dute. Afari-merienda eskainiko dute han.

Aurtengo egitaraua hori da. “Entseguetan ibiliko garenak aterako gara. Herrian ikusmina dago, baina ez dakigu herriak nola erantzunen duen, jendea mozorrotuko den edo ez”. Ongi ateraz gero heldu den urtean afaria, dantzaldia edo bestelakoren bat antolatzea ez lukete baztertuko.

Zortzikoa
Hainbat ziordiarrek zortzikoa “ikasi edo erdi ikasi” dute. Baina ez herrikoa. Irizarrek esan digunez, “badakigu Ziordiko zortzikoa existitzen zela. Bakarren batek partitura omen du. Eta egun hauetan esaten ari direnez, bakarren batek dantzatzen ere badaki. Baina ez dugu lortu nork erakustea guri Ziordiko zortzikoa”. Nolabait hasi behar zutela eta “zerbait egiteagatik, edozein zortziko ikasten hastea” erabaki zuten. “Erakutsiko zigun pertsona bat topatzea dexente kosta zitzaigun. Nahia Bengoetxeak Altsasuko zortzikoa erakutsi digu”. Jakin badakite hori ez zela Ziordian dantzatzen zena, “baina hasteagatik eman dugu pauso hori”. Behin ikasi ondoren, ziordiarren batek esan zien: “behin ikastekotan Olatzagutikoa ez? Seguru antza gehiago zeukala. Agian bai, baina ez zitzaigun bururatu”.  

25 bat ziordiarrek ikasi dute Altsasuko zortzikoa, baina ez dute Altsasun bezala dantzatuko. Irizarrek aurreratu duenez, “guk asko egokitu dugu, besteak beste, ez dakigulako ongi dantzatzen. Altsasukoa oinarria izan da eta antzeko zer edo zer eginen dugu”. Bengoetxearekin ordu eta erdiko bi entsegu egin dituzte. Euren kabuz berriro asteartean entseatu zuten, “eta seguraski beste entseguren bat egin beharko dugu”.

Ziordiko ihote egitaraua
Otsailak 16, larunbata    Herri-ihotea berreskuratu.
Martxoak 2, larunbata    Hiri-ihotea.
Martxoak 5, asteartea    Haur-ihotea.