Guaixe hilabetekaria sortu zen tokitik metro pare batera, Urdiaingo liburutegian, bi astez erakusketa berezia egon da. Eta Burundatik atera gabe, Urdiaindik Ziordira eginen du salto eta gaurtik herriko liburutegian izanen da ikusgai, bi astez arratsaldez. Guaixek abenduan 25 urte beteko ditu eta erakusketa ibiltaria prestatu du Guaixe hilabetekariaren (1994-2003) eta Oixe astekariaren (2001-2003) aleak biltzen dituena. Propio prestatutako stand batean dago hemeroteka. Guaixe fundaziotik hura bisitatzera joateko gonbidapena egin zaizue, orriak pasaz nor bere burua, edo gertukoena, opatzeko.
Eta ale zaharren batean zu edo bakarren bat opatu baduzu harekin argazkia egitea eta sare sozialetan argazkia #batzengaituena edota #Guaixe25 traolak erabiliz partekatzea proposatzen dizugu. Eta ez baduzu inor opatu, photocalla egiteko markoa ere badago standean eta nahi duenak harekin argazkia egin eta partekatzeko aukera du.
Standean dauden Guaixe eta Oixe ale zaharrak herriz herri ibiliko direnez, bisitariei aleak han uztea eskatu diegu. Haietako aleren bat nahi bazenu, admin@guaixe.eus e-posta helbidera eskaera idaztea besterik ez duzu. Artxiboan begiratu eta baldin badago, aipatutako alea oparituko dio fundazioak. Trukean alearekin agertzen den bere argazkia sare sozialen batean partekatzea eskertuko genioke.
Erakusketaren egutegia
Liburutegia Data
Ziordia Otsailak 25-Martxoak 7
Altsasu Martxoak 11-29
Arbizu Apirilak 1-17