Zapatilak jantzi eta Ziordira!

Guaixe 2019ko api. 5a, 09:40

Bihar, apirilaren 6an jokatuko da VI. Ziordiko Herri Kros Solidarioa. 17:00etan haurren lasterketak jokatuko dira, 17:30ean 2 km-ko proba solidarioa eta 18:00etan proba nagusia (6,8 km)

Larunbatean jokatuko da VI. Ziordiko Herri Kros Solidarioa. Egutegi betea izango da. Lehenik eta behin kategoria txikikoen probak jokatuko dira, 17:00etatik aurrera. Ondoren, eta aurtengo nobedade nagusienetakoa izango dena, 2 kilometroko proba herrikoia abiatuko da, 17:30ean eta, bukatzeko, 18:00etan, proba nagusiaren txanda izango da. Herrian barna prestatutako zirkuituari 3 itzuli eman beharko dizkiote korrikalariek, 6,8 km-ko proba osatzeko.

Ziordiko herri lasterketarekin, kirola eta atletismoa sustatzeaz gain, gizarte ekimenei tokia egiten zaie. Izan ere, Ziordiko herri lasterketa proba solidarioa da. Aurten, aurreko urteetan bezala, Dravet fundazioa eta Paris 365 jantoki soziala lagunduko dira, eta behar bereziak dituen Markel mutil gipuzkoarraren alde ere lan egingo da Ziordian. Eta Xabi Luna suhiltzaileak proiektu sozialak bulkatzeko duen “Y os lo cuento” egitasmoak ere tokia izango du Ziordian. Aurreko urtean Ziordian eta beste tokietan lortutako diruarekin Guatemalan proiektu bat sustatu zuten eta aurten pobreziarekin bukatzeko lan egiten duen Inakuwa egitasmora bideratuko da jasotakoa.

Izena ematearen truke, janaria eta txartelak
Ziordikoa lasterketa solidarioa denez, kategoria txikiko lasterketetan parte hartzeko korrikalariek gutxienez 2 kg elikagai eraman beharko dituzte, Paris 365 jantoki sozialera bideratuko direnak, eta Markelen aldeko zozketarako gutxienez txartel bat erosi beharko dute (txartel bakoitza euro 1). Aldiz, lasterketa herrikoian parte hartzeko gutxienez 4 kg elikagai eraman beharko dira Paris 365 jantokiaren alde eta Markelen aldeko saskirako txartel bat erosi beharko da. Eta berdin helduen proban parte hartzeko. Halaber, probak gauzatzen diren bitartean erabilitako errotulagailu eta boligrafoak jasoko dira, Dravet fundazioaren alde.

Korrikalariek 15:30etik aurrera eman ahalko dute izena Ziordiko Errekakartea elkartean, eta aurretik izena emana dutenak bertan bildu ahalko dituzte lasterketetako dortsalak, janariaren eta zozketetarako txartelak erostearen truke. Aurretik izena ematen duten lehen 150 pertsonek produktu lotea eta opari sorpresa jasoko dute opari. Horretaz gain, aurretiaz interneten izena ematen dutenen artean sariak zozketatuko dira. Sari ematea 19:00etan izanen da elkartean eta lasterketak dituen babesle guztiek oparitutako sariak jasoko dituzte irabazleek eta babesleen produktuen zozketa egingo da parte-hartzaileen artean. Jakina, guztiendako auzate ederra egonen da.  

Aurretiazko izena ematea zabalik dago Ziordiko Running Taldearen web orrian:  ziordirunningtaldea.wixsite.com/ziordirunning.

Aurreko urtean, kategoria guztiak kontuan hartuta 400 korrikalari inguruk parte hartu zuten Ziordiko Herri Krosean. Proba nagusian Javier Nagore eta Izaskun Beunza gailendu ziren. Paris 365 jantoki sozialerako 2.000 kilo elikagai jaso ziren, Dravet fundazioaren aldeko 75 errotulagailu kilo, Dravet fundazioaren aldeko zozketan 3.000 euro lortu ziren eta Y os lo cuento proiektuak Guatemalako eskolara bideratzeko proiekturako 1.400 euro, saski-zozketan. Aurten, dagoeneko 161 pertsona daude izena emanda proba nagusian, eta 30 baino gehiago martxan. Ez dute eguraldi ona iragarri, baina Ziordira gerturatu eta herri lasterketan eta ekimen solidarioetan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek.

Sakanako Kopa mustuko du
Bihar, apirilaren 6an jokatuko den VI. Ziordiko Herri Krosak Sakanako XVI. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria mustuko du. Sakanako Mankomunitateak antolatzen du kopa, Nafarroako Gobernuaren, Dantzaleku Atletismo Klubaren eta Lasa Kirolak babeslearen laguntzarekin.

Bost lasterketek puntuatuko dute aurten Sakanako Kopan: Ziordikoak, XVI. Aitzkozar Herri Krosak (ekainak 15, Bakaiku-Iturmendi), Ergoienako XVI. Birak (irailak 21), Sakanako XIX. Herri Lasterketak (urriak 26) eta Barricarteren XXXIX. Oroimenekzo Oinezko Lasterketak (abenduak 8).

Sakanako 10 korrikalari hoberenek puntuatuko dute (10 emakumek eta 10 gizonek), eta lasterketa guztietan parte hartu beharko dute, batean izan ezik. Kopako irabazleek 80 euro jasoko dituzte, kirol materialean gastatzeko, bigarrenek 60 euro eta hirugarrenak 40 euro, hauek ere kirol materialean gastatzeko. Horretaz gain, bost lasterketetan parte hartzen dutenen artean sari bat zozketatuko da.