10 taldetik gora 3x3 Ziordia Saskibaloi Torneo solidarioan

Guaixe 2019ko uzt. 26a, 09:26

Larunbatean jokatuko da, goizeko 10:00etatik aurrera. Izena emateagatik eta zozketa txartelengatik ateratakoa diagnosirik ez duen eta terapia-behar bereziak dituen Markel Carmona haur gipuzkoarraren aldekoa izango da

Larunbaterako, uztailaren 27rako, III. 3X3 Ziordia Saskibaloi Torneo solidarioa antolatu dute, Markel Carmonaren alde. Markel Urnietako haur bat da, oraindik diagnosirik ez duen gaixotasun bat duena. Terapia-behar bereziak ditu, eta saskibaloi torneoan zozketatuko dituzten saskietan ateratzen den guztia bere familiari emango dio antolakuntzak, euren egunerokotasunean lagungarri izateko.

Antolakuntzatik adierazi digutenez, momentuz 10 talde daude izena emanda, 35 saskibaloi jokalari guztira. Norbaitek izena eman nahi badu antolatzaileekin jarri beharko da harremanetan. Izena ematea dohainik da, baina Markelen alde zozketatuko den saskirako txarteltxoren bat erostea derrigorrezkoa izanen da. Txartelak euro bateko prezioan jarriko dira salgai, eta etekin guztiak Markelen senitartekoendako izango dira.  Dagoeneko Markelen aldeko zozketarako 1.000 txarteltxo saldu dira.

3x3 Ziordia Saskibaloi Torneo solidarioa larunbatean goizeko 10:00etan hasiko da eta 12:45ak arte luzatuko da. 13:00etan zozketa egingo da eta ekimenean jasotako laguntza emango zaie Markelen seniitartekoei.