Saskibaloian Markelen alde

Guaixe 2019ko abu. 1a, 13:48

Larunbatean 10 taldek parte hartu zuten III. 3X3 Saskibaloi Torneo solidarioan. GNA01 gaitza duen Markel Carmona Lesakarendako izan zen lortutako diru guztia, beharrezkoak dituen tratamenduetarako

Larunbatean III. 3x3 Ziordia Saskibaloi Torneo solidarioa antolatu zen Ziordian, Markel Carmonaren Lesakaren alde. Abuztuaren 4an 13 urte beteko dituen gazte urnietarrak duela gutxira arte diagnosirik ez zuen gaixotasun bat du. Familiak berriki jakin du Markelek GNA01 gaitza duela, gen baten mutazioak sortzen duen gaitz degeneratibo bat. Munduan soilik bi kasu ezagutzen dira, Markelena eta AEBetako Kansas hiriko neskatila batena. Jakina, Markelek terapia-behar bereziak ditu. ʺMedikuak harritu egin ziren Markel horren ongi ikusita; jakina, hori jasotzen dituen tratamendu guztiengatik da” aipatu zuen Ziordian bere amak, Maria Lesakak. Izan ere, hilabete gutxi zituenetik hona, dirutza balio duten makina bat tratamendu jaso ditu Markelek, eta tratamendu horiek lortu ahal izateko gertukoek eta elkarteek emandako laguntza ezinbestekoa izan da. Horregatik guztiagatik, Ziordiko aurtengo saskibaloi torneoa Markelen egoeraren berri ematera eta bere aldeko diru bilketa egitera bideratu zuen antolakuntzak, familiaren egunerokotasunean lagungarri izateko.

35 jokalari
10 taldek eman zuten izena III. 3x3 Ziordiko Saskibaloi Torneoan parte hartzeko, 35 jokalarik guztira. Izena ematea dohainik zen, baina antolakuntzak Markelen alde zozketatu behar zen zozketarako txarteltxoren bat erosi beharra zuten parte-hartzaileek. Euro bateko prezioan jarri ziren salgai txarteltxoak.

Izenak dioen bezala, 3x3 Ziordiko Saskibaloi Torneoan hiru jokalariz osatutako taldeek parte hartu zuten. 10 talde ziren, eta lagunarteko partidak jokatu zituzten euren artean, giro ederrean. Horretaz gain, tiro libreen torneoa jokatu zen eta Leyre Pablok irabazi zuen.  

Jasotakoa
Saskibaloi festa solidarioak zenbaki oso politak utzi zituen: 1.600 euro lortu ziren Markelen aldeko zozketan. Horretaz gain, Sakana Group Kooperatibak 3.900 euro eman zituen Markeli aulki berezi bat erosi ahal izateko. Horrela, bere aitarekin lasterketetan parte hartu ahal izango du. Bestalde, kooperatibak beste 5.000 euroko laguntza eman zion familiari, gaztetxoak beharrezkoak dituen terapietan erabiliko direnak.