Foruzainek enpresa batean lapurtzen ari ziren lau gizonezko atxilotu dituzte

Guaixe 2019ko aza. 5a, 14:49
Olatzagutiko eta Ziordiko industrialdeko ikuspegia.

Herritarren elkarlanari esker “in fraganti” harrapatu zituzten lau gizonezkoak. Atxilotu eta Iruñeko polizia-etxera eraman zituzten ikerketa osatzeko. Auzia Iruñeko Zaintza Epaitegira bidali zuten. Gauzetan indarra erabiliz egindako lapurreta delitua eta kalteak eragin izanaren delitua egozten diete.

Berriki Altsasuko polizia-etxera jo zuen enpresa bateko jabeak eta foruzainei jakinarazi zien Ziordiko enpresa baten elektrizitate transformadore baten ondoan pertsona susmagarriak zeudela. Lapurreta posiblea zela eta, Foruzaingoak zenbait patruila bidali zituen eta lau gizonak lapurtzen harrapatu zituzten. Enpresaren elektrizitate transformadoreko kableak, kobrezko pletina eta bestelakoak maneiatzen ari ziren. Gainera, goi tentsioko kableak askatzen saiatu ziren, haien barruko kobrea eta aluminioa eraman ahal izateko. Horregatik, lan jarduna eten egin zen eta 30.000 voltioko goi hornidurako deskonexioa arriskuan jarri zituen lau gizonezkoak eta polizia agenteak. 

Foruzaingoak jakinarazi duenez, atxilotutakoak 55, 37, 29 eta 20 urteko gizonezkoak dira eta ondarearen kontrako delitu zerrenda handia dute. Oraingoan gauzetan indarra erabiliz egindako lapurreta delitua eta kalteak eragin izanaren delitua egotzi diete.