Udalak ideia bilketa eginen du heldu den urtean

Guaixe 2019ko abe. 23a, 11:51
Haurrak jolas-parke berrian jolasten eta helduak inguruan.

2016ko parte-hartze aurrekontuen bidez ziordiarrengandik jasotako hiru ideia gauzatu ditu udalak. Asmo berarekin deialdi berria eginen du heldu den urtean.

Ziordiko Udalak parte-hartze aurrekontuen prozesua martxan jarri zuen 2016an. Ziordiarrek proposatutako ideiak jaso eta udal aurrekontuak ahalbidetzen zuen heinean hiru ideia nagusiak gauzatu dituzte. Ideia horiek bozka bidez erabaki ziren. 2017an Errekakartea elkarte azpiko lokala konpondu eta erabilera anitzeko gela sortu zuen. Joan den urtean, berriz, gimnasioa konpondu zen eta, azkenik, aurten haurrendako jolas parkea egin du. Olatz Irizar Martinez alkateak azaldu digunez, “ziurrenik 2020an berriro ideia bilketa bat martxan jarriko dugu”. Beraz, berriro ere, “proposatzen diren ideiak aztertuko ditugu eta bozka gehien dutenak egiten saiatuko gara”. 

Haurren jolas-parkea 
Agorrilaz geroztik erabilgarri dago Ziordiko haurrendako jolas parke berria, elizaren ondoan dagoena. Udaleko langilea arduratu da harrizko aterpea eta haren teilatua egiteaz. Batez ere, eguraldi txarra dagoenean haurrek erabili dezaketen aterpea. Haren parean gomazko zoru gainean zabuak, txirristak eta kulunkak daude. Hori guztia rokodromoarekin eta beste joko pare batekin osatuko da.