Areto futbola

11.838 euro Zuriñerendako Ziordian

Guaixe 2020ko urt. 11a, 10:30

Ziordiko Eguberritako Areto Futbol Torneo Solidarioan jasotakoa Rett sindromea duen Zuriñe Azkona zizurtarrari komunikatu ahal izateko dispositiboa erostera bideratuko da

Abenduaren 29an jokatu zen Ziordiko Eguberritako Areto Futbol Torneo Solidarioa, Zizurren bizi den eta Rett sindromea duen Zuriñe Azkona haurraren aldekoa. Ziordiko Running taldeak antolatu zuen ekimena, Ziordiko Udalarekin batera. Areto futbol torneoan Nafarroa eta Arabako 10 taldek hartu zuten parte bertan, eta 5 jardunaldiko ligaxka jokatu eta gero, talde onenak sailkatu ziren finalerako. Azkenean, Gasteizko Astralario taldea gailendu zen. 

Ziordiko Eguberritako Areto Futbol Torneo Solidarioan jasotako guztia, 11.838 euro, Zuriñe Azkonaren senitartekoei eman zion antolakuntzak. Diru hori lortzeko lan handia egin du antolakuntzak. Izan ere, torneoan izena emateagatik 30 euro ordaindu zituen talde bakoitzak; horretaz gain, hainbat eta hainbat kolaboratzailek, komertziok eta kirol taldeek eskainitako produktuekin sortutako saski erraldoia zozketatzeko txartelak salduz 5.013 euro lortu ziren; eta Sakana Group kooperatibak emandako 5.000 euroekin eta gainontzeko ekarpenekin batera lortu zen 11.838 euroko ekarpena. 

Zuriñe komunikatu ahal izateko dispositiboa
Zuriñeren gurasoek, Asier Azkonak eta Belén Cachok, Zuriñek bereak eta Haizea bere ahizpak jaso zuten txekea. Eta jakina, oso eskertuta zeuden. “Sentitzen duguna adierazteko ez dugu hitzik. Rett sindromea duen alaba izatea ez da erraza, baina zuek bezalako pertsonekin badirudi guztia posiblea dela” adierazi zuen amak, hunkituta. “Milesker gurekin egoteagatik; eskerrik asko zuen babesa eta elkartasunarengatik eta ea egunen batean Zuriñek berak zuei eskerrak ematea lortzen duen” gaineratu zuen. Izan ere, Ziordiko ekimenean jasotakoa Zuriñeri Irisbond izeneko dispositiboa erostera bideratuko du familiak. Dispositibo horrek begirada hartzen du oinarri eta pertsonen begiak eta begirada ordenagailu baten xagua izatea ahalbideratzen du. Horrela, Zuriñeri komunikatzeko tresna ahalbideratu nahi diote, gertu dagoen ametsa.