Amarauna erosi, ametsak ehuntzen segitzeko

Guaixe 2020ko urt. 28a, 15:40

Amaraunak Maravillas gaztetxearen aldeko ekimena hartu zuenekoa.

Ziordiko komentua zena Amarauna gune autogestionatua da 2015etik. Kolektiboari utzitako eraikinak eta lurrak erosteko aukera sortu zaio. Amaraunako kideek Armiarma kooperatiba sortu dute erosketa gauzatu ahal izateko, baina finantza laguntza beharko dute.  

Amarauna kolektiboko kideek hainbat espazio eta proiektu sortu dituzte “non guztiak askatasunean harremanak izan ditzakegun, konfiantzan, errespetuan eta komunikazio on batean oinarrituz, gure nahi indibidual zein kolektibo ase ditzakegun; gure ingurumena zainduz eta burujabetza osoa lortzeko bidean aurrera eginez”. 

Horretarako, Amarauna kolektiboak bere buruari helburu batzuk jarri dizkio: “gizarte solidario eta osoak sortzeko prozesu zabaletan laguntzea, ekologiaren esparruan iraunkortasuna zaintzea, iraunkortasunaren printzipioak kontutan hartuz turismo alternatiboaren garapena bermatzea, giza eta naturarekiko harreman mota berriak ezartzeko espazioak sustatzea, hazkuntza naturala eta kontzientea sustatzea, gaur egungo ekonomia parametroen eraldaketa globalean parte hartzea, guztien ongizatearen ekonomian eta, azkenik, arteak sorkuntza eta errealizazio tresna gisa sustatzea. 

Amarauna kolektiboak horretara bideratu du kudeatzen duen espazioa. Kolektiboko kideez aparte, hainbat gizarte mugimenduk erabili dute espazioa. Orain arte utzita zuten hura eta erosteko aukera sortu zaio. 

Jordi Arbizu, Amaraunako kidea
Nolaz sortu zen Amarauna? 
Lau lagun Sakanan elkarrekin bizitzeko etxebizitza bilatzen ari zirela, kasualitatez, aukerarekin topo egin zuten. (Errukiaren Andre Mariaren Ahizpen Kongregazioa) Mojek utzi egin behar zuten eta hura zainduko lukeen norbait nahi zuten. Lau lagun haiek etxe batean bizitzera sartu ziren. Lagapen kontratu baten bitartez lurrak eta etxetxoa erabiltzea lortu zuten. Mojek proposatu zieten urte betera espazio guztiaren erabilera jasoko lukeen proiektu bat aurkezteko. Hori 2015ean izan zen. Aukera horren aurrean lau lagun haiek hainbat pertsonarekin elkartu ziren: mugimendu sozialetako kideak, hazkuntza kontzientea, feminismoak, ekologia… Hainbat kezkatatik proiektu bat garatzeko, espazio horri beste aukera bat emateko. 

Lana… 
Hainbat bilera egin genituen proiektu horrekin zer egin erabakitzeko. Zeren, hasiera batean, lau pertsona izanda topatu ginen etxebizitza batekin eta proiektu bat garatzeko aukerarekin. Gure helburuak eta gure komuneko ikuspegia zein izanen zen finkatu eta 2017an Amarauna elkartea sortu genuen. Eta espazio osoaren zesioa lortu genuen 2017an. Hortik aurrera hasi zen Amarauna jarduerak hartzen. 

Zer jarduera mota? 
Bazkideak ditugu. Espazioaz gozatu dezaten, gastronomia elkarteen erara-edo. Badago jendea erabiltzen duena, esaterako, asteburu batzuetan lo egiteko, edo euren haurrendako meriendak egiten dituzte… Hori alde batetik. Bestetik, kolektiboak etortzen dira. Espazioa oso handia da eta, gehien bat, Euskal Herriko gizarte mugimenduei eskaini genien. Barne jardunaldiak edo kanpora begirako ekintzak ere antolatzen dituzte. Bi urte hauetan horretan ibili gara. Horretaz aparte, hainbat proiektu garatu dituzte bazkide diren pertsonek. Baratze ekologikoa dugu eta hortik bi pertsona bizi dira. Gaur egun hainbat pertsona bizi gara Amaraunan. 

Bazkidetza, nolakoa da? Zein eskubide ematen dizu Amaraunako bazkide izateak? 
Alde batetik, batzarrean parte hartzen dugun bazkideak gaude, proiektuaren dinamika, norabidea, mantentzea, egutegiaren kudeaketa eta taldeak etortzen direnean harrera egiten daramagunak gaude. Amaraunan proiektu bat garatu nahi dutenek, ezinbestean, batzarreko kide izan behar dute. Urteko 70 euroko kuotaz aparte, zerbitzuaren araberako kuota ere badu. Beste bazkide mota bat da soilik urteko 70 euroko kuota pagatzen duena, espazioa alokatzeko eskubidea duena. Horretan sartzen da sukaldearen, logelen, tatamiaren, psikomotrizitate gelaren… Hainbat espazioren erabilera. 

Amaraunak kolektiboen zer nolako jarduerak hartu ditu orain arte? 
Hazkuntza kontzientearekin topaketa dexente izan dira. Hainbat familia. Taldean baditugu haurrak dituztenak eta hori landu nahi dutenak. Bilgune Feministarenak, autodefentsa tailerrak, nekazaritza ekologikoari buruzko jardunaldiak, gaztetxeen barne bilerak, yoseikan budo topaketak… Klase askotakoak. Tailerrak ere badaude. Astean zehar biodantza egiten da, eta astero jende jakin bat etortzen da horretara. Joan den urtean ere yoga tailerra egon zen. 

Zein tamaina du komentuak? 
2.400 metro karratu inguru hiru solairutan banatuta. Horretaz aparte etxetxoa eta estarbia ditu. Eraiki egoera onean dago. Mojak atera eta gu sartu ginen. Hornitutako sukaldea du. Haiek material asko utzi zuten. Altzariz jantzita dago. 3 hektareako lur-saila, fruta-arbola dexente dituena. Eraikinak ez du berritze lanik behar. 

Orain erosteko aukera mahai gainean jarri dizuete, ezta? 
Bai. Hasieratik bagenekien espazio horretan ez ginela betirako egonen. Zeren mojek hasieran esan ziguten saltzeko asmoa izanen zutela, edo erosteko eskubidea ematen zuen kontratua nahi genuen… Guk ez genuen halakoetan pentsatzen. “Hau mantentzearekin nahikoa dugu. Irauten duguna iraunen dugu. Gure proiektua aurrera eramanen dugu, inbertsio handirik gabe, asko zabaldu gabe”. Hala pentsatzen genuen. 

Proiektua martxan eta funtzionatzen zuela ikusita, mantentzeari eta gastuei aurre egiteko gai ginela ikusita, beraiek erabaki zuten espazioa salduko zutela. Hori 2018ko abenduan izan zen. Urte guztia horrekin egon gara: “erosteko prest bazeundete, zuei lehentasuna emanen genizueke”. Zein prezioetan salduko luketen tanteatu genuen, horren arabera ikusi dugu, bai edo ez. 

Hausnarketa sakona eskatuko zizuen, ezta? 
Hala da. Hasieran, eskaini ziguten prezioa katastroko prezioa baino txikiagoa izan zen. Orduan bueltak ematen hasi ginen: “agian honek merezi du buelta batzuk ematea. Gu ez bagara gai hau erosteko, behintzat inguruko norbait izan dadila honi aukera emanen diona”. Eztabaida sakona eta gero taldean iritzi desberdinak zeuden. Modu zehatz batean erostea erabaki genuen. Horretarako kooperatiba bat sortuko genuke, jabetza kolektibizatzeko, Armiarma kooperatiba. Han sartu garenak, kooperatibarekin erosketa kudeatuko dugu. Amaraunako kide guztiak ez daude ardura horrekin, bai gehienak. Armiarmatik kudeatuko da hemendik aurrera eginen den elkarbizitza. 

Erosketaren helburua izanen da garatu dugun Amaraunaren proiektua mantentzea eta elkarbizitza proiektu bat iraunkor egitea. Orain arte urteko kontratua sinatzen egon gara. Horrekin ez zegoen ez proiekziorik ez ezer. 

Horrek lasaitasuna emanen dizue zuen proiektuak garatzerakoan? 
Bai. Inbertsioak egiteko ere bai. Berotzeko sistema aldatzeko… Beste ikuspegi bat dugu orain. Kooperatiba sortzen eta finantziazioa bilatzen lan handia dugu orain. Baita orain arte egin ez dugun gizarteratze lan horren inguruan hausnartzen ere: ahalik eta jende gehienak erabil dezan, mantentzea errazteko eta behar dugun dirua lortzeko. 320.000 eurotan dago salgai. Aurtengo lastaila baino lehen pagatu behar dugu. Zati bat aurreratu dugu. Erres edo seinale kontratua sinatu dugu (erosketa erreserbatzeko kontratua). Lastailerako diru hori lortu behar dugu. Ez da diru kopuru oso-oso handia. Errealitate desberdinak daude, baina, beno, guk diru hori ez dugu. Gure helburua da, ahal bada, banku-etxeen beharrik gabe ordaintzea. Ahal bada, donazioak jasoz, eraikina erabiltzen duten erakundeenak, edo proiektua bere egiten duten pertsonen edo kolektiboen donazioekin. Edo, bestela, mailegu pertsonalekin. Uste dugu gai izanen garela mailegurik gabe ordainketa hori egin ahal izateko. 

Amarauna proiektua ezagutarazteko zer eginen duzue? 
Ziordiarrei egitasmoaren berri emateko auzoan hitzaldia eman genuen hilaren 4an. Joan den asteazkeneko batzarra izan genuen eta Sakanan hainbat bilera edo hitzaldi antolatu nahi ditugu. Iruñean eta Gasteizen ere gauzak lotzen ari gara. Nahi duten sakandarrek proiektua ezagutu eta gerturatzeko aukera izan dezaten, Sakanara begirako ate irekien jardunaldia egin nahi dugu Amaraunan otsailaren 1ean, larunbatean, 17:30etik aurrera. Espazioa ezagutarazteko bisita gidatua eginen dugu. Gauden egoera eta proiektua azalduko ditugu eta auzatearekin despedituko dugu. Egun horretarako ere afaria antolatu dugu, nahi duena etor dadin. 21:00etan izanen da. Izena eman nahi duenak armiarmaziordi@gmail.com e-postara idatzi dezake edo 679 553 734 telefonora hots egin dezake. Elkartu nahi ditugu Amaraunarekin erlazioa izan duten pertsonak, bazkideak… 

Lana bai, baina ilusioa ere!
Bai. Ilusiorik eta gogorik gabe ez da ezer egiten. 

 

Diru-ekarpenak egiteko:
ES67 3035 0018 41 0180045376 kontu korrontea (Laboral Kutxa).

Erlazionatuak