Aimar Garcia, Aitana Mendoza, Aiala Casas eta Endika Saez dira Ziordiko aurtengo kintoak. Baina haiei urte bat gehiago eta urte bat gutxiago dituzten kintoak gehituta, azkenean 11 gaztek ospatuko dituzte aurten Santa Ageda edo kinto ospakizunak Ziordian.
Ostiralean kinto-segizioa bazkaltzera bilduko da Errekakartea elkartean. Iluntzean Olaztira hurbilduko dira, bertako Santa Ageda ospakizunekin, tartean Kaotiko taldearen kontzertua, bat egitera. Baina hurrengo egunean goiz altxa beharko dute, eguerdi aldera hasiko baitira etxez-etxe borondatea eskean. Lanbide horretan goiz guztia emango dute, eta gero Ziordiko elkartean bazkalduko dute. Bazkariarekin eta arratsaldeko poteoarekin girotu eta gero, iluntzean Altsasura joko dute. Santa Ageda ospakizunetan murgilduta egonen den Altsasun afaldu eta ordu txikiak arte parranda egiteko asmoa dute gazte ziordiarrek.
Igandean Ziordiko tabernan bazkaria izanen dute kintoek, eta horrela despedituko dituzte aurtengo Santa Ageda ospakizunak.