Igerilekuak irekita

Guaixe 2020ko uzt. 2a, 15:32

Ziordiko igerilekuan zintaz markatu dituzte jendearendako tokiak. Argazkia: Ziordiko Udala.

Atzotik agorrilaren 31ra arte zabalik egonen dira, 12:00etatik 20:00etara. Baina 15:00etatik 16:00etara itxi eginen dituzte, behar bezala desinfektatzeko.  

COVID-19 gaixotasunak baldintzatuta, Ziordiko Udalak atzo zabaldu zituen igerilekuak. Erabiltzaileen arteko segurtasun distantzia mantentzeko, berdegunean laukiak markatu ditu udalak, eta erabiltzaileek haietan egon beharko dute. Guztira 160 pertsonendako tokiak prestatu ditu udalak. Udalak bina komun eta aldagela zabaldu ditu; gainontzeko lau aldagelak eta bi dutxak itxita egonen dira. Igerilekuei dagokionez, txikian 5 haur sartu litezke, ertainean eta handian 50 lagun. Soroslea arduratuko da hori horrela izateaz. 

Erabiltzaile guztiek, igerilekuaren eremura sartzen direnean, eskuak eta oinetakoak desinfektatu beharko dituzte. Hortaz eta igerilekuan pandemiari aurre egiteko neurriak behar den bezala betetzen direla ziurtatzeaz arduratuko da COVID-19rako begiralea. Azken horren ardura izanen da ere sarrera zaintzea. Bestetik, Nafarroako Gobernuaren aginduari jarraituz, egunero hirutan desinfektatuko dute azpiegiturak. 

Ziordiko Udalak jakinarazi duenez, aurten ez du igerilekuko taberna eta sarreren kudeaketa lehiaketara atera. Horregatik, taberna ez da zabalduko, eta udala bera izanen da igerilekuko abonamenduen kudeaketaz arduratuko dena. Sasoirako abonuak saldu dira, baina ez sarrerarik.