Gaztelak Nafarroako Erresuma hartu zuen arte, erreinuak ehun gaztelu baino gehiago zituen. Haietako batzuk gotorlekuak ziren, eta babeserako erabiltzen zituzten; beste batzuk, gainera, errege eta erreginen bizitokiak ziren. Sakanako defentsa sistema hainbat gazteluk osatzen zuten: Ziordikoa, Urdiaingo Irurita, Etxarri Aranazko dorrea, Uharte Arakilgoa, Etxeberriko eta Irurtzungo Biazpeko Aixita eta Oskiako Ororregi gaztelua. Zaila da gaur egun Erdi Aroko Sakana hura irudikatzea; izan ere, 1512. urtean Gaztelako tropak Sakanatik sartu, eta Nafarroako Erreinua konkistatu zuten. Defentsa sistema osatzen zuten gazteluen gainbehera izan zen. Beraz, lur azpiko aztarnak baino ez dira gelditzen. Ziordikoan, ordea, eraikina bisitatzeko aukera dago; zati bat bada ere.
Ibaiaren eta zuhaitzen soinuek ingurugiroarekin bat egiten dute, toki paregabea bihurtuz. Ziordia herria pasata, zubiaren azpian, dago gaztelua. Eraikinak denborari borroka gainditu dio, gerrate askoren protagonista izan ondoren. Fernando Fusteren hitzetan, gaztelua baino gehiago, Ziordiko gotorlekuari buruz hitz egin behar da. XIII. mendekoa da, 1212. urte ingurukoa, Antso Azkarraren agintepean egindakoa. Gaztelua eta eliza garai berekoak direla aipatu du Fustek. Gaztelarekiko muga indartzeko beharraren ondorioz eraiki zuten gotorlekua. 1200 urtera arte, aldiz, inguru honetan Ayuka herria zegoen. Herri hartan bertakoak bizi ziren, eta Ziordian erreinuko zaldunak eta aberatsak bizi ziren, Fustek egin dituen ikerketen arabera.
Erreinuaren defentsarako babes harresia eraiki zuten Ziordian. 2,5 metroko zabalera zuten harlanduzko hormak zituen, argi hutsunerik gabe, eta ate bakarra zeukan sartzeko. Gotorlekuak gaur egungo Ziordia osoa hartzen zuela uste du Fustek. 1444. urtean Gaztelaren kontrako defentsan gotorlekuak 400 gizon hartu zituela azaldu du. "Ziordiko gotorlekua garrantzitsua izan zen, eta gaztelarrek hamar urtez bahitu zuten".
500 urte
XV. mendean Nafarroako Erregeak Lanzarot Ziordiko jaunari mugak eta mendiak defendatzeko boterea ematen zion. Izan ere, Sakanako defentsa harresi horri "gaizkileen muga" deitzen zitzaion. Egindako lanaren ordainaz, erregeak Ziordiko eraikin "guztiak" eman zizkiola azaldu du Fustek. Behin Gaztelak Nafarroa konkistatuta, 1591. urtean, Antonio de Gongorak gazteluaren jabetza eskatu zuen; eta, azkenean, epaiketen ondorioz, arrazoia eman zioten. Hortaz, gaztelua Gongora familiarena bihurtu zen.
Hala ere, Gaztelak Nafarroako Erresuma konkistatu ondoren, Nafarroako gazteluak suntsitzeko agindua eman zuen. Horregatik, gaur egun gutxi dira gaztelu eta gotorleku horien aztarnak. 100 gaztelu baino gehiago ziren garai hartan. 2012. urtean, konkistaren 500. urteurrena betetzen zela, Nafarroa Bizirik elkarteak gazteluen berri emateko kanpaina egin zuen. Horren barruan, gazteluak berreskuratzeko eta lurzoruko lanak egin dira, besteak beste, Urdiaingo Iruritako eta Irurtzungo Aixitako gazteluetan arkeologia indusketak egiten ari dira. Gainera, gazteluen tokietan omenaldiak egin zituzten, eta mugarriak jarri zituzten.
Ziordiko gaztelua aukeratu zuten Sakanako 500. urteurren ekitaldia egiteko. Atearen aurrean bere handitasunaren historia kontatzen duen plaka dago. Gaur egun, aisialdirako eta ekitaldiak egiteko toki paregabea bihurtu da.