Ziordiak VII. Elkartasun Lasterketa hartu behar zuen maiatzaren 23an. COVID-19 birusa zela eta, abuztuaren 29ra atzeratu zuten, baina pandemiaren egoera kontuan hartuta, proba egitea ez zen ikusten. “Ziordian ez dugu kasu positiborik izan, baina ezin da horrenbeste herri eta txokotako jendea ekarri, elkarteak ezin du arrisku hori bere gain hartu” azaldu du Ziordiko Running Taldeko Jose Ramon Perezek. Horregatik, eta kontuan hartuta birusarekin batera sortutako krisiak elkarteak eta fundazioak bereziki kolpatu dituela, elkartasun lasterketa Ziordian egin beharrean elkartasun lasterketa birtuala izatea proposatu zuen Ziordiko Running Taldeak: nok bere herrian korrika egitea.
Horrela, Ziordiko elkartasun lasterketa birtualean izena ematea zabaldu zuen antolakuntzak. Dortsala eskuratzeko https://labur.eus/Ocom5 web orrira jo behar zen, eta gutxienez 5 euro ordaindu behar ziren. 2.010 euro jaso ziren saldutako dortsalei eta jasotako dohaintzei esker, guztiak Iruñeko Paris 365 jantoki sozialera bideratuko direnak. Jose Ramon Perezek azaldu zuenez, Iruñean, Gironan, A Coruñan, Elchen, Valladoliden, Santiagon, Burgosen, Madrilen, Kanariar uharteetan eta, jakina, hemen bertan egin zuten euren lasterketa ekimenean parte hartu zuten korrikalariek, bakoitzak bere herri edo txokoan. 200 korrikalari inguruk hartu zuten parte eta askok bere argazkia sare sozialetan publikatu dute, #ziordia2020 hastag-a erabiliz.
Horri gaineratu behar zaio Ziordiko Running Taldeak 80 opariz betetako zarearen zozketa egin zuela. Txartelen salmentarekin 5.006 euro jaso ziren guztira. Aurrera Markel Carmona fundazioari 3.200 euro bideratuko zaizkio, Dravet Sindromea Fundazioari 908 euro eta Rett Sindromeko Espainiako Elkarteari 898 euro.
Ekimenarekin oso pozik dagoela aitortu du Jose Ramon Ramirezek, eta esker oneko hitzak besterik ez du ekimenean parte hartu duten korrikalariendako eta zozketarako euren ekarpenak egin dituzten enpresa, elkarte, kirolari eta norbanakoendako.