Pilota

Ezkurdiak eta Arangurenek ez zuten Ziordian huts egin

Guaixe 2020ko ira. 8a, 09:57

Masters CaixaBank Torneoko euren 7. puntua lortu zuten, Urrutikoetxeari eta Irribarria ordezkatu zuen Bikuñari 15 eta 22 irabazi eta gero, eta finalerdietan egoteko borrokan jarraitzen dute

Masters CaixaBank Torneoko finalerdietako postuetatik gertu jarraitzen dute Joseba Ezkurdiak eta Aitor Arangurenek, finalerdietara sailkatzeko borrokan, atzo torneoko 12. jardunaldian garaipena lortu eta euren 7. puntua bildu eta gero. Mikel Urrutikoetxea eta Iker Irribarria ordezkatu zuen Iñigo Bikuña izan zituzten aurkari Ezkurdiak eta Arangurenek berrikuntza lanak egin eta gero itxura dotorea zuen Ziordiko Toki Eder pilotalekuan jokatu zen partida borrokatua, eta guztira 520 pilotakada gurutzatu ziren 

Partida hasi eta berehala, 1 eta 7 tantoko errenta lortu zuten Ezkurdiak eta Arangurenek. Urrutikoetxeak eta Bikuñak 12ra berdintzea lortu zuten, baina 4 tantoko partzialarekin 12 eta 16 aurreratu ziren arbizuarra eta aginagatarra. Urruti eta Bikuña 15 eta 16 gerturatu ziren, baina sorpresak ekiditeko agintea hartu zuten Ezkurdiak eta Arangurenek eta zuzenean 22raino joan ziren, urrezko puntua lortuz. 

Jaialdia zabaltzen zuen partidan, Bengoetxea VI.ari eta Larunberi 11 eta 22 irabazi zieten Peio Etxeberriak eta Ladis Galarzak. 

Sailkapena, estu
Izan ere, Masters CaixaBank Torneoan oso estu dago sailkapena. Artola- Rezusta dira liderrak (10 puntu), Altuna III.a-Imaz bigarrenak (8 puntu), Olaizola II.a-Zabaleta hirugarrenak (8na puntu), Bengoetxea VI.a-Martija laugarrenak (7 puntu) eta Ezkurdia-Aranguren bosgarrenak (7 puntu), Bengoetxea eta Martijarekin puntutara berdinduta. Jaka-Albisu seigarrenak dira (6 puntu), Elezkano II.a-Aretxabaleta 7. postuan daude eta Urrutikoetxea-Irribarria 8. postuan, puntu banarekin. 

Bi jardunaldi geratzen dira hasierako ligaxka despeditzeko eta hiru pilotari sakandarrek, Zabaletak, Martijak eta Ezkurdiak, finalerdietan egoteko aukera dute. Ea horrela den.