Hondakin bereziak jasotzeko ekarpen gunea zabaldu dute

Guaixe 2020ko abe. 8a, 10:56
Hondakin berezien ekarpen gunea elizaren atzeko aldean dago.

Elizaren atzean dago. Han hondakinak bota nahi dituzten ziordiarrek giltza udaletxean eskatu behar dute, 948 467 548 telefonora hots eginez, astearte eta ostegunetan 10:00etatik 12:00etara.

Sakanako Mankomunitateak Ziordiko elizaren atzeko aldean hondakinak jasotzeko ekarpen gunea jarri du. Handik pasatzen denak hainbat edukiontzi ikusiko ditu. Haien bidez ziordiarrek etxebizitzatan sortzen diren hondakin bereziak hobe eta errazago kudeatzeko. Ekarpen gunean honakoak utzi ditzakete ziordiarrek: inausketak (adaxkak, makilak eta ezpel-hesi ebakinak), obra txikiko hondakinak (adreiluak, harriak, porlana eta zeramika), egurra (paleak, hautsitako altzariak, markoak eta zoruak), tresna elektriko txikiak, tonerrak, pilak eta argiteria (LED, kontsumo baxuko bonbilak eta fluoreszenteak). Ekarpen gunean ez dira industria hondakinak onartzen eta eraman daitekeen obra txikiko hondakinen kantitatea mugatua dago, gehienez 2 m³ arte.

Hondakinak jasotzeko Ekarpen Gune Sarea osatzeko pausoa eman du Mank-ek Ziordikoa zabalduz.  Aurretik Etxarri Aranatzen birziklapen etxola jarrita zuen. Bestalde, ibarreko erakundeak hondakinak egokitzeko Garbigune Sarea ere badu: Arbizuko tratamendu planta eta Altsasuko Otaiko gunea astegunetan 09:00etatik 14:30era daude zabalik. Gainera, Garbigune Mugikorra herriz herri ibiltzen da astez. 

Tamaina handikoak 
Altzariak, sofak, koltxoiak… halakoak askotan Sakanako kalean botata ikusten dira. Ohitura txar  bat da. Emausko Trapuketariek atez ateko bilketa egiten dute. Horretarako, 948 46 48 67 telefonora besterik ez da hots egin behar. Mank-ek zabaldu berri dituen zerbitzuekin ere arazo horri erantzun nahi dio, sumatu baitu azken aldian gero eta gehiago uzten direla tamaina handiko hondakinak kalean botata.