Arropak jaso gabe segitzen du

Guaixe 2021ko mar. 22a, 09:13
Arropa metak Aralur enpresa zen hartan segitzen dute.

Itxitako lantegi batean arropa tonak legez kanpo bota zituen Gipuzkoako enpresa batek 2019an eta oraindik han jarraitzen du.

2019ko iraila erdialdetik hamar bat kamioikada arropa Aralur enpresa zeneko lantokietan botata daude. Birziklatzeko Gipuzkoako enpresa batek jasotako arropa da Ziordiko lantegian botata bukatu zuena. Hala salatu zuen lehenik, Ziordiko Udalak, eta, ondoren, Gurelurrek. Salaketak salaketa, arropa lantokian botata jarraitzen du. Ziordiko Udalak horiek eta inguruko hondakinak kentzeko foru administrazio aurrean presioa egiten ari da. Bitartean, enpresarako pasa ixteko eta isurketa gehiago ez egiteko bidean hesia jarri zuen udalak. 

Bestalde, Gurelurrek salatu duenez,  “urtebete pasata ere, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak ikuskizun lotsagarri hori kentzeko ez du ezer egin. Gure ustez, urtebete nahikoa da Gipuzkoako enpresa legez kanpo isuritako arropa kentzera behartzeko”. Eta foru administrazioari hondakin horiek “beherala” kentzeko eskatu dio. Gurelurreko ordezkariek gaineratu dutenez, “ingurumen eraso horren erantzuleek izan dituzten erantzukizun administratibo eta legalak gauzatu behar ditu”.

Erakundeko bozeramaileek gaineratu dutenez, “legez kanpoko kudeaketa horrekin, enpresa etekin handiak lortzen ari da, herritarrek ematen duten arropa berrerabiltzen ari balitz bezala kobratzen ari baita”. Italian hondakinen kudeaketan dagoen “mafia jokabideekin” parekatu dute Ziordiko isuriak. Gurelurreko kideek salatu dutenez, halako gertaerek “arrazoia eman diete herritarrei, azken urteotan zalantzan jarri baitute benetan birziklatzen ari direnik ingurumenarekin sentsibilizatuta dauden herritarrok arreta handiz bereizten ditugun hondakinak”. Erakundearen iritziz, lantegi barruan eta kanpoan pilatutako guztiarekin inguru hori, “paisaiari dagokionez, Nafarroako kutsatuenetakoa da”.