Hiru kaleetako zorua eta sareak berrituko dira

Guaixe 2021ko api. 28a, 09:42
Ziordiko Dona Maria kalea ezkerretan.

Dona Luzia kaleko 21 eta 58 zenbakien artean, Dona Maria kalearen 9 eta 29 zenbakien artean eta Miraria kalearen 12 eta 16 zenbakien artean. Udalak orain lanak emateko deialdia egin du.

Ziordiko Udalak herriko hainbat gunetan azpiegiturak eta kaleak berritzeko proiektua egin zuen irailean. Bost guneetan sareak eta zoladura berritzeko asmoa du udalak. Lanak faseka egitea erabaki du eta lehendabizikoan hiru kale zati konponduko nahi ditu udalak: Dona Luzia kaleko 21 eta 58 zenbakien artean, Dona Maria kalearen 9 eta 29 zenbakien artean eta Miraria kalearen 12 eta 16 zenbakien artean. Hurrengo fase baterako utziko ditu: Dona Luzia kaleko 6. zenbakitik 18ra eta handik 40 arteko kale zatia eta Mirari kaleko 1 eta 5 zenbakien arteko kalea eta haiei perpendikularra den Texeria 25 eta 27-A zenbakiak hartzen dituen kale zatia. 

Hiru kale zati horietako sareak eta zoladura berritzen interesa duten enpresek beraien proposamenak hilaren 30eko 15:00etara arte aurkeztu ditzakete Nafarroako lizitazio elektronikoko plataforman. Ziordiko Udalak lanak 329.899,29 euro (BEZ kanpo) balio duela adierazi du. Aurrekontuari aurre egiteko udalak Nafarroako Gobernuaren 180.000 euroko dirulaguntza du, herrialdeko aurrekontuen negoziazioan EH Bilduren emendakina onartu ondoren. Lanak kalitate eta prezio eskaintza onena egiten duen enpresari emanen dizkio. Lanak urte erdiko iraupena lukete. 


Urdinez aurtengo lanekin berrituko diren kaleak.

Olatz Irizar Martinez alkateak azaldu duenez, lanak aurten eginen dira. “Bi kale berritzeko ditugu ere. Baina guztiak batera egitea aurrekontu handia denez, eta, gainera, herria hankaz gora utziko genukeenez, bi faseetan egitea erabaki dugu”. Bigarren faserako utzi diren kaleetako lanak egiteko ere dirulaguntza beharrezkoa izanen du udalak: “Nafarroako Gobernuaren hurrengo Toki Azpiegitura Planean aurkeztuko ditugu lan horiek” zehaztu du alkateak. 


Dona Luzia kalea
 
Etxeetako ur beltzak jasotzeko kalean saneamenduko kolektorea eginen da kale guztian PVC-zko hodiekin. Bestetik, euri-urak jasotzeko sarea badago, baina etxeetako teilatuetatik zorrotenen bidez jaisten den ura jaso eta hodiarekin lotuko dira. Kaleko euri ura jasotzeko estolda-zuloak ere eginen dituzte, hodira egoki lotuz. Dauden arketak egokitu, barrua garbitu eta saretak berrituko da. Ur-hornidura sareko hodiak berritu eginen dira eta fundiziozkoak jarri. Kutxatila jarriko da, baita urari bidea emateko bi balbula eta kontagailua ere. Suteetarako ur-hargune bat ere jarriko da. Lan horiek egin ondoren, zorua emanen da. Asfaltoa dagoen tokian mantendu eginen da eta hor espaloiak besterik ez dituzte eginen. Kalearen gainontzeko zatia porlanezkoa izanen da zorua, eta galtzadarriekin espaloiak. Haiekin bi tokitan lau eta hiru ibilgailu aparkatzeko tokiak markatuko dituzte. 


Dona Maria 

PVCzko hodiekin saneamendu-kolektore bat eraikiko da zeharbideko tarte osoan, kalearen eskuin aldean. Horrela, kalearen zoruaren erdia besterik ez berritzeko. Euri-urak jasotzeko kolektorea jarriko da kalearen erdian eta PVCzko hodiekin egina egonen da. Hara bideratuko dituzte etxeetako zorrotenetatik jaisten den euri ura ere. Estolda-zulo berriak egokitu eginen dituzte. Ur hornidura sareko hoditeria fundizioko beste bategatik ordezkatuko dute. Horretaz aparte, suteetarako ur-hargune bat eta ureztatze-ahoa jarriko dituzte. Bi balbula eta kontagailua izanen dira kale zati horretan. Zeharbideko zoruan asfaltoa jarriko da eta lanak utzien dituzten gainontzeko kaleetan porlanezko zorua eta porlanezko galtzadarriekin espaloia. 


Mirari kalea 

Etxeetako ur-beltzak jasotzeko PVC-zko hodiekin saneamendu-kolektore bat eraikiko da kalearen tarte osoan, kalearen hasieran eta akaberan hormigoizko kontrol-putzu bana jarriz. Euri urak jasotzeko kolektorea eginen da, ermita ingurukoarekin lotuko dena. Euri urak jasotzeko estolda-zuloak jarriko dituzte, kolektorera bideratuko dituzte etxeetako zorrotenetako euri urak ere. Aurreko bi lanetan bezala, honetan ere ur hornidura sarerako galdaketa horiak erabiliko dira. Bi ureztatze-aho eta suteetarako ur-hargune bat jarriko dute. Bi balbula eta kontagailua jarriko dituzte. Kalearen zorua hormigoizkoa izanen da eta espaloiak hormigoizko galtzadarriz egindakoak.