Txirrindularitza

Gorka Izagirre, Olinpiar Jokoetara

Guaixe 2021ko uzt. 13a, 09:45

Gorka Izagirre.

Tokion uztailaren 24an jokatuko den errepideko proban parte hartuko du eta Valverde liderra laguntzea izango da bere lana. Valverdek nabarmendu du Gorka ondoan izateak “asko ematen diola”

Espainiako txirrindularitza selekzioko hautatzaile Pascual Monparlerrek Olinpiar Jokoetara eramango duen taldea zein izango den konfirmatu du, eta hautatutakoen artean Gorka Izagirre dago. Berarekin batera bere anaia Ion eta Omar Fraile izango dira hautatu dituzten euskal txirrindulariak, hirurak Astana taldekoak. Hirurek uztailaren 24an Tokion jokatuko den errepideko proban parte hartuko dute, Alejandro Valverderekin eta Jesus Herradarekin batera. Horretaz gain, Ion Izagirre ere erlojupekoan ere ariko da. 

Alejandro Valverde liderrari laguntzea izango da Gorka eta Ion Izagirreren, Omar Fraileren eta Jesus Herradaren lana, Pascual Monpalierrek azaldu duenez, baina lasterketan mozketak edo dena delako ezustekoak gertatuz gero, “garaipenaren alde borrokatzeko gai” diren txirrindulariak hautatu ditu. “Gorka da Valverde miretsi eta aldi berean Valverde estutzeko gai den txirrindulari bakarra” nabarmendu zuen Monpalierrek. 

Bere aldetik, Tourrean murgildua dagoen Valverdek adierazi duenez “talde oso ona dugu eta guztia emango dut, baina ez dut gustuko domina bai ala bai lortzeko presio hori. Olinpiar Jokoak dira, ez dut behar baino presio gehiago izan nahi”. Aldi berean, Gorka Izagirre ondoan izatea eskertu zuen. “Gorka ondoan izateak asko ematen dit. Lagun eta taldekide bikaina da”.