Astekaria

"Kirolariondako Olinpiar Jokoak gorenean daude"

Maider Betelu Ganboa 2021ko uzt. 20a, 13:42

Igandean Tokioko bidea hartu zuen Gorka Izagirrek, uztailaren 24an Olinpiar Jokoetako linea lasterketan parte hartzeko. Bere lehen Olinpiar Jokoak izango dira, eta sasoi onean, gogotsu eta pozik dagoela aipatu du

Pozik dago Gorka Izagirre. Eta ez da gutxiagorako. Bere lehendabiziko Olinpiar Jokoetan parte hartuko du Ziordiko bizilagunak, eta hori kirolari gutxiren esku dago. Olinpiar Jokoetan ariko den bigarren sakandarra izango da, Hodei Mazkiaran pista txirrindulari altsasuarraren atzetik (London, 2012). Alejandro Valverderi laguntzea izango da Izagirreren egiteko nagusia, baina aukera izanez gero aprobetxatuko duela gauza jakina da.  

Olinpiar Jokoetara joateko aurre selekzioan zeunden, baina, ofiziala egitean, beti izango da pozgarria halako albiste baten berri izatea. 
Bai, oso pozik, egia esan. Azken finean Olinpiar Joko batzuetara joatea ez da askotan gertatzen. Kirolari gisa, Olinpiar Jokoak goiko puntan daude, eta bertan egotea eta parte hartzea oso pozgarria da. 

Kiroletan gorenean daude Olinpiar Jokoak, baina txirrindularitzan Frantziako Tourra ere ez da nolanahikoa. Oso ezberdinak dira, baina bata eta bestea balantzan jarrita, zein aldetara egingo luke?
Oso ezberdinak dira. Tourra oso garrantzitsua da, baina urtero duzu hor. Olinpiar Jokoak lau urtez behin izaten dira. Egun bateko lasterketa luzea da, mundu mailakoa, lau urtez behin egiten dena. Hori da bere berezitasuna, eta horrek egiten du are eta handiagoa izatea. 

"Tourra urtero duzu hor, baina Olinpiar Jokoak lau urtez behin dira, eta bereziak dira"

Pandemiak Olinpiar Jokoak guztiz baldintzatu ditu. Joan den urtean ziren jokatzekoak, baina aurten izango dira, eta publikorik gabe. Beraz, benetako olinpiar giroa ezingo duzue bizi.
Egia esan, pena ematen dizu zalerik gabe aritu behar izateak. Dena den, egoera honetara pixka bat ohiturik hasita gaude txirrindulariak. Egoera honetan lasterketa asko egin ditugu, eta, alde horretatik beste bat gehiago izango da. 

Uztailaren 24an jokatuko da Olinpiar Jokoen txirrindularitzako lineako lasterketa. Noiz hartu zenuten Tokiorako bidea?
Igandean hartu genuen hegazkina, eta, hara iritsita, egokitu beharko dugu. Tokio han dago, 9 orduko aldea dago. 9 ordu asko dira, eta egokitzapen bat egon behar da, gorputzak kolpe handia ez hartzeko. Aldi berean, entrenatzen jarraitu beharra dago, eta hor kudeaketa bat egon behar da.  Gauzak ahal den hobekien egin behar dira, eta horretan saiatu behar gara. 

Espainiako selekzioko Pascual Monparler hautatzaileak azaldu duenez, Alejandro Valverde izango da liderra. Gainontzekoek –Omar Frailek, Jesus Herradak, Ion Izagirre anaiak eta zuk–, hari lagundu beharko diozue. Baina gaineratu du aukera suertatzen bada, etapa garaipena borrokatzeko gai zaretela. 
Monparlerrek ekaina hasieran deitu zidanean, hori aipatu zidan. Lehenengo eta behin, Alejandrorekin joango ginela, eta gu lanerako geundela. Eta ez daukat inongo arazorik. Bizitza guztia horretan daraman txirrindularia naiz, eta Tokiokoa beste bat gehiago izango da. Pozik nago Olinpiar Jokoetan egongo naizelako, eta ahal dudan hobekien egiten saiatuko naiz. 

"Alejandrok ez du gezurrik esan. Ongi ezagutzen dugu elkar, lagun onak gara eta hor egongo gara"

Aukera izanez gero, aprobetxatzeko gaude. Ezta, Gorka?
Bai. Lasterketak buelta asko ematen ditu. Nolako gorabeherak dauden ikusi behar da, eta aprobetxatu. 

Zure anaia ere Olinpiar Jokoetara doa, eta elkarrekin egotea polita izango da. 
Bai, pozik nago. Hau bitxikeria gisa geratuko da. Hala suertatu da, anaia eta biok joango gara, eta gustura. 

Valverdek esan du oso pozik dagoela zu zoazelako, zu bere ondoan izateak “asko ematen diola”. Laguna eta taldekide bikaina zarela esan du. 
Hori esan du? (kar, kar...). Halakoak entzutea polita da, zer esango dizut. Ni beti lanerako egon naizen txirrindularia izan naiz, eta hara ere horretara joango naiz. Alejandrok ondo ezagutzen nau. Lau urte eman ditut Movistarren berarekin lasterka; ongi ezagutzen dugu elkar. Lasterketa asko irabazi ditugu elkarrekin, eta berak irabazi dituen askotan hor egon naiz ni, laguntzen. Gezurrik ez du esaten; ongi ezagutzen dugu elkar. Lagun onak gara, eta hor egongo gara. 

Valverdek nabarmendu du ez duela domina bai ala bai lortzeko presio hori gustuko. Olinpiar Jokoak direla eta, ez duela behar baino presio gehiagorik nahi. 
Nahikoa argi esaten du, han egotea nahikoa presioa dela, eta, finean, lasaitasun pixka bat nahi du. Tokioraino joatea, bidaia, ordu aldaketa… Tourretik zuzenean Tokiora datozenei hango nekea pilatuko zaie, eta lasai egon nahiko dute, halako txikikeriatan pentsatu gabe. 

"Olinpiar Jokoetarako gogotsu nago. Ongi-ongi ikusten dut neure burua, eta uste dut Tokiora ongi iritsiko naizela"

Zure anaia Tourrean dago, eta Olinpiar Jokoetako linea lasterketan aritzeaz gain, erlojupekoan ariko da. Tourreko burbuila horretatik Olinpiar Jokoetara iristen direnak lehiaketako martxarekin iritsiko dira? Fin? Edo nekabarratuta?
Ez du zergatik. Bai eta ez. Tourrak ematen du, baina kendu ere bai. Posible da ongi heltzea edo neke handiarekin heltzea. Nolanahi ere, ez dira Olinpiar Joko normalak izango. Tourra oso gertu dago, bertan aritu direnek neke hori izango dute, eta horri ordu aldaketa gehituta, bidaia, eta lasterketarako denbora gutxi dagoela... Hor kudeaketa bat egon behar da, entrenamenduak eta atsedena ongi uztartu behar dira. Lan hori ongi egiten jakin eta asmatu egin behar da. 

Zu nola zaude? Nola ikusten duzu zeure burua?
Ongi. Hautatzaileak ekaina hasieran esan zidan Olinpiar Jokoetan aritzeko ni nahi ninduela, eta ongi prestatzeko. Italiako Giroa amaitu berri nengoen, eta ordutik Olinpiar Jokoak prestatzen jardun naiz. Gogotsu nago, ongi-ongi ikusten dut neure burua, eta uste dut Tokiora ongi iritsiko naizela. 

200 kilometro pasako lasterketa luzea izanen da Tokiokoa.
Aurtengo lasterketa gogorra izanen da, 230 kilometrokoa. Horregatik dira ere bereziak Olinpiar Jokoak, 180 kilometroko lasterketa batetik 230 kilometrora salto handia dagoelako. Aurtengo edizioak asko du gogortasunez, baina horretarako prestatzen aritu naiz, eta ongi ikusten dut neure burua. 

Hauek izanen dira zure lehendabiziko Olinpiar Jokoak, eta pentsatzekoa da esperientzia handia izango dela. Behin han egonda tarterik izango duzue beste proba batzuk ikusteko? 
Ez, gu gurera. Esango nuke txirrindulariak garela Herri Olinpikoan ez gauden kirolari bakarrak. Aparte egoten gara. Pena da, baina guk egunero errepidera atera beharra dugu entrenatzera, eta Tokion bertan egonez, handik irtetea odisea bat litzateke. Tokiotik kanpoko hotel batean egongo gara. Gure eguneko entrenamenduak, masajeak eta beste egiteko-eta, ez gara handik hona bueltaka ibiliko. Eta lehiaketan gurea egin eta gero, etxera itzuliko gara. 

Kirolari batendako Olinpiar Jokoetan aritzea da gorena. Hori jada sekulako lorpena da. Zorionak! Ea zortea alde duzuen eta gauza politak egiteko gai zareten. 
Eskerrik asko!