Saskibaloia

Markelekin 3x3 saskibaloi torneoan, Markel garaile

Guaixe 2021ko uzt. 19a, 13:51

Ziordiko Running Taldeak gaixotasun arraroa duen Markel Carmona haurraren alde antolatutako ekimen solidarioan hemezortzi saskibaloi jokalarik hartu zuten parte

Larunbatean Markelekin 3x3 saskibaloi torneo solidarioa antolatu zuen Ziordiko Running Taldeak Ziordian. Primerako eguraldiaren laguntzarekin, izena eman zuten hemezortzi saskibaloi jokalari inguruk euren zaletasunaz gozatzeko aukera izan zuten, eta hiruko taldeak osatuta, torneoan parte hartu zuten. Horrekin batera, tiro libreen txapelketa eta hainbat trebetasuni buruzko txapelketak jokatu ziren. 

Ziordiko parke ederrean aipatu torneo solidarioa jokatzen zen bitartean, antolakuntzak hainbat sari zozketatzeko txartelak saldu zituen. Jasotakoa (560 euro inguru), Aurrera Markel Carmona fundazioarendako izango da. Markel Carmona Urnietako umeak GNA01 izeneko gaixotasun ultra arraroa du, 24 orduko arreta eskatzen duena eta aparteko gastu jarraitua eragiten duena. Munduan berea bezalako 150 kasu daude, eta Euskal Herrian halako gaixotasuna duen bakarra da Markel. Markel eta bere senitartekoak Ziordiko 3x3 saskibaloi torneoan izan ziren eta jasotako babesarengatik oso eskertuta zeuden.