Txirrindularitza

Ailetz Lasaren afizionatuen lehen garaipena, Gatzagan

Guaixe 2021ko uzt. 20a, 11:30

Ailetz Lasa, eskuinean, eta bere taldekide Xabier Isasa helmugara bidean. UTZITAKOA.

Laboral Kutxako ziordiarrak Euskaldun Torneorako baliagarria zen XLIII. Dorletako Ama Sarian afizionatuen mailako bere lehen garaipena lortu zuen, esprintean. Etapa garaipenaz gain, mendiko sailkapena irabazi zuen

Ailetz Lasa Lizarraga ziordiarrak afizionatuen mailako palmaresa mustu du, igandean Leintz Gatzagan jokatutako XLIII. Dorletako Ama Sarian gailendu eta gero. 118 kilometroko lasterketa Euskaldun Torneorako 4. proba puntuagarria zen, eta garaipena unerik gozoenean iritsi zaio Burunda klubean trebatutako txirrindulari gazteari. 

Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioak hasieratik bukaerara arte kontrolatu zuen Dorletako Ama Saria. 2. mailako Gatzagako bigarren igoeraren ondoko jaitsieran, Arlabanen, Laboral Kutxako hiru txirrindularik egin zuten aurrera: Ailetz Lasak, Xabier Isasak eta Ibai Ruiz de Arkautek. Minutu bateko tartea atera zieten jarraitzaileei. Azkenean, Gatzagako helmugako azken igoeran, Ailetz Lasa eta Xabier Isasi bakarrik geratu ziren, eta euren arteko esprintean Lasa izan zen azkarrena (2:31:37). 3. tokian euren taldekide Unai Iribar sartu zen, 20 segundora. Hirukote ederra, beraz, Laboral Kutxakoa. Euren taldekide Iker Mintegi altsasuarra 12. sailkatu zen, 56 segundora, eta Jon Gil lakuntzarra (Lizarte) 19. sailkatu zen, 2:18ra. 

Lasaren eta Mintegiren Laboral Kutxak lortu zuen talde onenaren saria, eta etapa garaipenaz gain, Ailetz Lasak mendiko sailkapena irabazi zuen. Afizionatuen palmaresa mustutzeko primerako modua.