Txirrindularitza

Gorka Izagirre datorren denboraldian Movistar Team taldean kokatzen dute

Guaixe 2021ko uzt. 22a, 09:20

Gorka Izagirre, ezkerrean, Espainiako selekzioko gainontzeko kideekin batera. Larunbatean parte hartuko du Olinpiar Jokoetan, lineako lasterketan.

Izagirre Tokion dago, Olinpiar Jokoak prestatzen. Larunbatean sartuko da lehian, txirrindularitzako lineako lasterketan, Alejandro Valverderi laguntzeko

2021eko denboraldia ez da bukatu ere egin eta dagoeneko datorren denboraldirako fitxaketen zurrumurruen dantza hasi da. Horietako zurrumurruetako batek egun Astana Premier Tech taldean dabilen Gorka Izagirre txirrindularia 2022an Movistar Team taldean kokatzen du. Astana taldean mugimendu handia egongo dela entzuten da; nonbait, litekeena da Alex Aranburuk ere talde kazakhstaniarra uztea, Movistarrera joateko, eta Ion Izagirrek, Luis Leon Sanchezek eta Omar Frailek ere baliteke taldea uztea. 

Gorka Izagirre Movistar Team taldeko txirrindularia izan zen 2014 eta 2017 denboraldien artean. Ondoren Baharain taldean ibili zen, eta segidan Astanan. Urrian 34 urte beteko dituen txirrindularia aurten Astana taldearekin bere 3. denboraldia osatzen ari da, eta datorren urtean Movistar taldean kokatzen dute, oraindik konfirmatzeke dagoena. 

Olinpiar Jokoetarako prest
Gorka Izagirre Tokion dago, Olinpiar Jokoak prestatzen, Espainiako selekzioko Pascual Monparler hautatzailearen esanetara, gainontzeko taldekideekin batera: Ion Izagirre, Alejandro Valverde, Omar Fraile eta Jesus Herrada. Larunbateko lineako lasterketari begira, Alejandro Valverde da liderra eta hura laguntzea da estrategia nagusia, baina aukera suertatuz gero “etapa garaipena borrokatzeko gai” diren txirrindulariak hautatu dituela nabarmendu du Monparlerrek. 

Larunbatekoa 230 kilometroko lasterketa gogorra izanen da. “Aurtengo edizioak asko du gogortasunez, baina horretarako prestatzen aritu naiz, eta ongi ikusten dut neure burua” azaldu du Izagirrek. “Gogotsu nago, ongi-ongi ikusten dut neure burua eta uste dut Tokiora ongi iritsiko naizela” gaineratu du ziordiarrak. Ea horrela den.